Biktimen oroimena eta bizikidetzaren etorkizunari buruzko hausnarketaren garrantzia dira Eusko Jaurlaritzaren ekitaldietako protagonistak, ETAren amaieraren hamargarren urteurrenean

0

Gogora Memoriaren Institutuak eta Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren Zuzendaritzak ekitaldi-programa bat antolatu dute ETAk indarkeria utzi zueneko hamargarren urteurrena ospatzeko.

Ekitaldi nagusiak hilaren 20an bertan egingo dira, Bilbon. Goizean, Azkuna Zentroak Gazteak, bizikidetza, etorkizuna, topaketa hartuko du, hiru euskal unibertsitateetako berrogeita hamar bat ikaslerekin. Ikasle horiek terrorismoaren eta indarkeriaren biktimei Adi-Adian moduluan edo beste hezkuntza-esperientzia batzuetan parte hartu dute.

Arratsaldean, Gogora Institutuaren egoitzan, ekitaldi instituzional bat egingo da, En memoria de las víctimas. Construyendo convivencia, izenburupean. Ekitaldi sinbolikoa izango da, falta diren pertsonen oroimenez —bereziki, ETAk hildako 853 pertsonen oroimenez—, eta bakea, bizikidetza eta askatasuna direla eta etorkizunarekin konpromisoa hartzeko.

Gasteizen eta Donostian solasaldiak

Aurreko egunetan, Euskadiko beste bi hiriburuetan bi hitzaldi izango dira, 10 urte ETArik gabe izenburupean. Bertan urte horietan egindako aurrerapenak eta bizikidetza sendotzeko egiteke dauden erronkak aztertuko dira.

Solasaldi horietan honako hauek hartuko dute parte, besteak beste: Maria Jauregik, Marta Buesak, Josu Elespek eta Edurne Albizuk, ETAk hildako biktimen senideak; Carmen Gisasolak eta Joseba Urrusolok, ETAko kide ohiak; Icíar Bollaín-ek, Maixabel filmaren zuzendariak; Aitor Gabilondok, Patria telesailaren zuzendariak; Paul Rios Lokarriko koordinatzaile ohiak; Mikel Basabe Aralarreko legebiltzarkide ohiak; eta Joseba Ezeolazak eta Pello Salaburuk, Memoria Digna Gogoan-eko kideak.

Dani Álvarez kazetariak mintzaldiak aurkeztu ditu.

Urriaren 18an izango da lehena, Gasteizko Goiuri jauregian, 18:30ean, eta, hurrengo egunean, ordu berean, Donostiako Udaletxeko osoko bilkuren aretoa izango da.

Programa honek EAEko hiru hiriburuetako udalen laguntza du.