Euskal Autonomia Erkidegoak espetxeen eskumena bere gain hartu zuenetik astebete pasa denean, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek parte hartu du Deustuko Unibertsitateak Donostiako campusean antolatzen duen DeustoForum Gipuzkoa jardunaldian.
“Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeak Espainiako Gobernuko Barne Ministerioari atxikita izatetik, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailean barnean hartzera pasa dira”, eta hori “asmo-deklarazioa” dela esan du Artolazabalek. Adierazi duenez, “Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko espetxeak Euskadiko ekipamendu soziosanitario handienak balira bezala kudea daitezke”.
Ildo horretan, sailburuak aurreratu du bere Sailak urriaren amaieran aurkeztuko duela Euskal Autonomia Erkidegoko estrategia soziosanitario berria, “presoek gure estrategiaren xede-kolektibo bihurtu behar duten ustearekin”.
Aditzera eman duenez, “Gizarteratzearen Euskal Agentzia ahalik eta azkarren jarri beharko da abian, egungo ekoizpen-lantegien kudeaketa urtarrilaren 1etik aurrera bere gain hartzeko”, eta Eusko Jaurlaritzak “hitzarmen bat sinatu beharko du EUDELekin, komunitatearen onurarako lanen garapena areagotzeko eta hobetzeko”.
Gizarte Laneko eta Gizarte Hezkuntzako unibertsitate-graduetako ikasleez, batik bat, osatutako auditorioaren aurrean, Beatriz Artolazabalek Euskal Autonomia Erkidegoko espetxe-eredua garatzeko bere bide-orria azaldu du. “Gure helburuak hauek dira: zigortutako pertsonak birgizarteratzeko aukerak hobetzea; ahalik eta zigor gehien erdi-askatasuneko erregimenean betetzea; biktimen eskubideak eta interesak babestea; eta segurtasun handiagoa lortzea, berrerortze gutxiagorekin”, jakinarazi du.
Sailburuak aditzera eman duenez, “lehentasuna du espetxeetan genero-ikuspegia txertatzeak eta emakumeen egoera hobetzeak”, eta “gure ardatz nagusia justizia lehengoratzaileko programak garatzea izango da”.
Plan hori ezartze aldera, Artolazabalek adierazi du indartu egingo duela Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeen bereizgarri den ezaugarri bat: hirugarren sektore sozialeko erakundeekin elkarlanean aritzea.
“Nolanahi ere, urrats bakoitza baino garrantzitsuagoa da iparrorratza eta mapa edukitzea; badakigu nora iritsi nahi dugun”, esan du sailburuak, eta erantsi duenez “Gazte Justiziako Euskal Sistemarekin gertatu bezala, gure ereduak adostasun politikoa eta finkatzeko denbora beharko ditu”.
Beatriz Artolazabalek inauguratu ondoren, elkarrizketa interesgarria izan dute Martin Iriberri Gipuzkoako espetxeko kapilauak eta Jaime Tapia Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko aholkulariak. “Gure mugetatik haratago: espetxeak eta gizartea espetxe eredu berrian” deituriko ziklo honetako hurrengo jardunaldiak urriaren 15ean eta 22an izango dira. Urriaren 15eko elkarrizketan, justizia leheneratzaileari buruz mintzatuko dira Iñaki Subijana EAEko Auzitegi Nagusiko presidentea eta Andikona Uriarte irakaslea. Eta urriaren 22ko elkarrizketan, gizarteratze-ereduari buruz hitz egingo dute Demelsa Benito irakasleak eta Myryam Iparragirre Gipuzkoako espetxeko gizarte-langileak.
DeustoForum Gipuzkoa Deustuko Unibertsitatearen ekimena da, unibertsitate-komunitatearen eta gizartearen arteko elkarrizketa sustatzea helburu duena. Pandemiaren ondorioz joan den urtean eten behar izan zen arren, foro honetatik pasa dira Iñaki Gabilondo, Michael Camdessus, Manuela Carmena edo Pepa Bueno gisako pertsonalitateak.