Kontxako pasealekua baimenik gabe zeharkatzen duten ibilgailuek isuna jasoko dute

0
binary comment

Kontxako pasealekua zeharkatzen duten baimenik gabeko ibilgailuei isuna ezarriko zaie datorren astelehenetik, urriaren 18tik, aurrera. Inguruan egiten ari diren obren ondorioz ibilgailu pribatuarentzako pasealekua itxi zenetik, Mugikortasun bi agente mozketetan egon dira gidariak ohartaratzen eta zirkulazioa antolatzen, baina datorren astelehenetik aurrera zerbitzu hori desagertu egingo da eta seinaleak errespetatzen ez dituztenei isuna jarriko zaie.

Garraio publikoa babestea

Gaur egun pasealekuan egiten ari den lan-faseak bide horretan dauden bi zirkulazio-erreietako bat okupatzea dakar. Hori dela eta, semaforo batzuk jarri dira zirkulaziorako errei bakarra dagoen bide-zatitik, ibilgailuak txandaka igarotzeko.

Pilar Arana Mugikortasun eta Garraio zinegotziak adierazi duenez, ibilgailu pribatuei ezarritako murrizketak garraio publikoaren maiztasuna eta zerbitzu ona babesteko egin dira. Aranak gaineratu duenez, azken asteetan agenteek informazio-lana egin dute, baina datorren astetik aurrera, egokitzeko epe horren ondoren, pasatzeko debekua betetzen ez duten ibilgailuei isuna jarriko zaie.

Ibilbide alternatiboak

Mozketa egin zenetik, seinale desberdinak jarri dira hainbat tokitan, hiriko puntu batetik bestera joateko bide alternatiboak hartzeko aukera ematen, bai pasealekuko bokaletan, bai bide horretara doazen bideetan (Tolosa hiribidea, Zumalakarregi hiribidea, Pio Baroja, Zubieta eta Urbieta kalea, Askatasunaren hiribidearekin eta Arrasate kalearekin bat egiten duten lekuetan), ibilgailuak ohartarazteko. Urriaren 18tik aurrera seinaleei kasurik egin ez eta pasealekua zeharkatu nahi dutenek isuna jasoko dute seinaleak ez betetzeagatik.