Beheranzko joeran jarraitzen du Azpeitiko langabezia tasak; %7,4ra jaitsi da irailean

0
Azpeitiko langabezia tasak beheranzko joeran jarraitzen du. Iraileko langabezia tasa %7,4koa izan da; Urola Erdiko, Gipuzkoako eta Euskal Autonomia Erkidegoko langabezia tasaren azpitik dago.

 Azken hilabeteotako joerari eutsiz, Azpeitiko langabezia tasak behera egin du irailean ere. Juxtuki, %7,4koa izan da iraileko langabezia tasa; eskualdeko (%7,6), Gipuzkoako (%9) eta EAEko (%11,1) tasaren azpitik. Azpeitian, gaur egun 539 langabetu daude, iazko irailean, berriz, 735. Beraz, urtebetean langabeziaren aldakuntza -%26,7koa izan da eta 196 langabe gutxiago daude.

Hala ere, generoaren arabera, alde nabarmena dago langabezian ere. Gizonen artean %5,3koa da eta emakumeen artean, %9,8koa.

 

Sustapen ekonomikorako 500.000€

Azken urteotan, Azpeitiko Udalak ahalegin berezia egiten ari da langabeziari eta ekonomia indartzeko. Bide horretan, langabetuentzako orientazio eta enplegu zentroa ditu abian, Iraurgi Berritzen Garapen Zentroaren bidez. Horretaz gain, formazioan ere eskaintza zabala egiten du urtero, lan munduan sartzeko beharrezko ikastaroak herrian bertan egin ahal izateko.

Eta, azken urteotan, inbertsio eta ahalegin handia egin da herriko ekonomiaren sustapenerako. 2021ean onartutako Sustapen Ekonomikorako laguntzetan 500.000€ ditu jarrita udalak herriko ehun ekonomikoa sendotzen laguntzeko. Laguntza horrek lau lerro ditu; lehen sektorea eta  zerbitzuei zuzenduriko diru laguntzak, industria proiektu estrategiko edo berritzaileak sustatzeko laguntzak, ekintzaileentzako laguntzak eta azpeitiarrak kontratatzeagatik laguntzak. Eskaerak egiteko epea zabalik dago.