Esku pilota jaialdi profesionala izango da urriaren 22an, Azpeitian, Olaizola II.a agurtzeko

0
Azpeitiko Izarraitz pilotalekuak esku pilota partida profesionalak hartuko ditu urriaren 22an, ostirala, eta Aimar Olaizola omenduko da bertan. Sarrerak online eskuratu daitezke, dagoeneko.

Azpeitiko Udalak eta Ilunpe pilota elkarteak esku pilota jaialdia antolatu dute. Horrela, hilabete askoren ondoren, goi mailako pilota herrira itzuliko da. Ez da nolanahiko itzulera izango, izan ere, Aimar Olaizolak jokatuko du, bere ibilbide profesionalari bukaera emateko aste gutxi falta zaizkionean. Beraz, “txapeldun handiak” Azpeitian jokatuko duen azken partida izango da.

Jaialdia urriaren 22an izango da, ostirala, gaueko 22:00tan Izarraitz pilotalekuan. Lehendabiziko partidan Jon Alberdi herritarak jokatuko du, promozioko 4terdiko txapelketako final laurdenetako ligaxkako lehia, Zabalaren aurka. Txapelketa hasierako sentsazio bikainak berreskuratu nahiko ditu Arauntza baserrikoak. Bigarren partidan arituko da Olaizola II.a, Mariezkurrenarekin bikote eginez, Peña II.a eta Albisuren aurka, hain zuzen ere. Goi mailako lehia goizuetarra agurtzeko.
Sarrerak dagoeneko salgai daude https://entradasfronton.com webgunean, zehazki, hemen.

30€ balio dute kantxako sarrerek eta 25€ goiko palkokoek; 16 urtetik beherakoak doan sartu ahal izango dute. Izarraitz pilotalekuko lehiatila urriaren 22an bertan zabalduko da, arratsaldeko 18:00tatik aurrera. Covid-19 neurrien malgutzearekin, %100eko aforoa izango da.