Jakin badakigu kontsumo datuak ezagutzea (zenbat kontsumitu dugun edo noiz izan dugun kontsumo mailarik altuena) ezinbestekoa dela kontsumo hori murrizteko, aplikatzen zaigun tarifa egokitzeko eta kontratatuta dugun potentzia egokia ote den egiaztatzeko. Tarifa elektriko berriekin, honek berebiziko garrantzia du, izan ere, efizienteagoak bagara, kontsumoa murriztuz, eta gure kontsumoak modu egokian banatzen baditugu, aurreztu egingo dugu eta energia berriztagarriak sustatuko ditugu. Tailer honetan herritarrei erakutsiko zaie hori nola egin, zehazki hiru gai hauek landuz: Nola eskuratu norberaren argindar kontsumoaren datuak; nola murriztu eta nola birbanatu kontsumoa eta nola aukeratu tarifarik egokiena; eta nola egiaztatu kontratatuta daukagun potentzia dela benetan behar duguna.
Tailer honetan parte hartu nahi duten herritarrek, urriaren 18a baino lehen izena ematea beharrezkoa da, saioak aurrera egiteko ezinbestekoa baita aldez aurretik ikasleen kopurua ezagutzea. Horretarako, honako bideak erabil daitezke:
• Posta elektronikoa bidaltzea ondorengo helbidera: argitu@gipuzkoa.eus
• Honako telefono zenbakira deitzea: 628-532-303 (astelehenetik ostiralera)
• Informazio osagarria: www.argitu.eus
Saioa Azpeitiko Udalarekin elkarlanean antolatu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak, Energia Argitu programaren baitan.
Hilaren 27an, ibilgailu elektrikoen ingurukoa
Urriaren 27an, 18:30ean, Basazabalen, beste ikastaro edo tailer bat ere eskainiko da. Ibilgailu elektriko eta mugikortasun jasagarrirako aukeren inguran izango da saio hori. Ikastaro hori egin nahi duenak hilaren 25erako eman beharko du izena argitu@gipuzkoa.eus helbidera idatzi edo 628 532 303 zenbakira deituta.