Euskadi Bono Dendaren bigarren ediziora elkartu da Gasteizko Udala

0

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok eta Gasteizko Udaleko alkateorde eta Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren saileko zinegotzi Maider Etxebarriak gaur sinatu dute udalak Sailarekin egindako lankidetza-hitzarmena Euskadi Bono Dendaren edizio berrian.

Akordio horrekin, Gasteiz da merkataritza bonuaren bigarren ediziora elkartu den lehenengo udala, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak abiarazitakoa eta udalerri berriei atxikitzeko irekia. Gasteizko Udalak, hitzarmen honekin, 150.000 euro batu ditu Gasteizko establezimenduetarako, eta 4,7 milioi euro, berriz, Euskadi osoko merkataritza-bonurako.

Tokiko merkataritzari laguntzeko kontsumo arduratsuaren sustapen-neurrien alde egiten jarraitzearen garrantzia gogorarazi du sailburuak. Horregatik, merkataritza-bonuaren beste deialdi bat egin da, Euskadi Bono Denda izenarekin, 4,7 milioi euroko zuzkidurarekin, 14 milioi eurotik gorako eragin ekonomikoa izango dutea kontuan hartuta.

Bonuak 10 euroko deskontuetan oinarritzen dira 30 eurotik gorako erosketetarako; beraz, % 30etik gorako deskontua izango dute. Truke-sistema aurrekoaren antzekoa da, baina berritasun batzuk ditu. Lehena, pertsona bakoitzak 5 bonu erabili ahal izango ditu 4 erabili beharrean. Bigarrena, erabili ahal izateko adina 18 urtetik 16 urtera jaisten da.

Hirugarren berritasunak eragin zuzena du erabili ahal izango duten establezimenduen tipologian. Saltokiez gain, hiriko merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzuak gehitu dira, besteak beste, ile-apaindegiak eta edertasun-institutuak; garbitegiak, tindategiak eta antzeko zerbitzuak; argazki-zerbitzuak; fotokopia-zerbitzuak; markoztatze-zerbitzuak eta mota desberdinetako konponketa-establezimenduak.

Beste berritasun bat hau da, deskontu-bonuak trukatzeko bi aldi ezartzen dira, Gabonetako erosketa-aldiarekin bat etor ez daitezen, aldi horretan berez bultzatzen baita kontsumoa, eta lagungarria izan daiteke merkataritzarentzat erosketak jaisten direnean.

Horregatik, lehenengo aldia urriaren 27an hasiko da, saltokiak atxikitzeko 3 asteko epearen ondoren, eta 2021eko abenduaren 5ean amaituko da. Bigarren aldia 2022ko urtarrilaren 10ean hasi eta 2022ko martxoaren 31n amaituko da.

Bonuen aurreko deialdiak ondo funtzionatu duenez, antzeko truke-sistema erabiliko da. Sistema erraz bat da bezeroentzat eta merkatarientzat. Bonuak establezimenduan bertan erosi eta erabiltzen dira, aldez aurretik eskuratu beharrik gabe. Plataformaren bidez, merkatariak egiaztatu egingo du zenbat bonu geratzen zaizkion gastatu nahi dituen pertsonari, eta haren erosketan aplikatuko ditu.

Sailburuak azaldu duenez, “aurreko deialdian aurkeztu genituen kontsumo-bonuetan aitzindaria izan zen erakunde arteko akordioa. Oraingo honetan berriro ere eskaintzen diegu laguntza ekimenarekin bat egin nahi duten erakundeei, nahiz eta jakin badakigun erakunde horietako batzuek beren bonuak martxan jartzea erabaki dutela, edo ez dutela gaitutako partida berririk. Gasteizko Udalarekin hasiko dugu kanpaina, berriz ere elkartu baita deialdi honetara, eta EUDELen partaidetza izango dugu, zeinaren bidez espero dugun lurralde osoko udalak atxiki ahal izatea egokitzat jotzen badute”.

Amaitzeko, sailburuak zehaztu duenez, bonuen xedea hau da: “kontsumo arduratsua sustatzea eta kontsumitzaile sentsibilizatu bat lortzea, tokiko merkataritzari berriro zuzenduko diona begirada, eta jasangarritasunari eta gure ekonomiaren bultzadari lehentasuna emango diena”.