Pello Lizarralde, Anjel Lertxundi eta Joxan Elosegi dira 2021eko Euskadi Literatura Sarietako lehenengo hiru irabazleak

0

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak ezagutzera eman ditu Euskadi Literatura Sarietako 2021eko lehenengo hiru irabazleak Donostiako San Telmo Museoan egindako ekitaldian. Euskarazko Literatura, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura eta Euskarazko Literatura Itzulpena modalitateetako irabazleak eman dira ezagutzera gaur:

  • Euskarazko Literatura: Pello Lizarralde Larraza, Argiantza.
  • Euskarazko Haur eta Gazte Literatura: Anjel Lertxundi Esnal, Haltzaren Muinoa.
  • Euskarazko Literatura Itzulpena: Joxan Elosegi Agirre, Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak (Irene Solá)

Epaimahaiaren iritziz Pello Lizarralderen Argiantza liburuko pertsonaien inguruan  eraikitzen duen “atmosfera harrigarriak” erabat harrapatzen du irakurlea. Gainera “ahots-narratiboari dagozkionak trebeki erabiliz, indar liriko handiko deskribapenak baliatuz, maisutasunez eraikitako kontakizuna” eskaintzen du Lizarraldek.

Anjel Lertxundiren “Haltzaren Muinoa” “kalitate literario” handiko obra dela uste du epaimahaiak “esaldi eta kapitulu laburrez osaturik dago, aberatsa da tradizioari eginiko erreferentziak direla medio eta gazte literaturako klasikoei; aberatsa, halaber, kontatzeko modu arin, poetiko eta zainduagatik”.

Joxan Elosegiren itzulpenaz epaimahaiko kideek “estiloaren joritasuna nabarmendu dute, jatorrizkoaren jario orobat bixi eta magikoa euskarara isurtzen asmatu duelako”. Epaimahaiarentzat azpimarratzekoak dira “itzultzaileak erakutsitako irudimena eta sormenerako gaitasuna Irene Solàren estiloak eta testuaren tonuak jarritako erronkei erantzuterakoan”. 

San Telmo museoan egindako prentsaurrekoak Bingen Zupiria sailburuak nabarmendu dueneez, “2021. urtea, 2020a bezala, osasun egoerak baldintzatuta egon da. Eta literaturari esker arnasa hartuko zuen batek baino gehiagok”. Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak gaineratu duenez, “gure uztaren aniztasuna eta oparotasuna erakusten dute Euskadi Literatura Sariek”.

Sariak 

Datorren azaroaren 18an  banatuko dira aurtengo Euskadi Literatura Sariak, Vitoria-Gasteizko Artium Museoan egingo den ekitaldi batean. Egun horretan zazpi modalitateetako irabazleak bilduko dira. Datorren astean iragarriko dira  gainontzeko lau modalitateetako irabazleak:

  • Literatura Gaztelaniaz.
  • Lan literarioen ilustrazioa.
  • Saiakera Euskaraz.
  • Saiakera Gaztelaniaz.

Saridun bakoitzak 18.000 euroko saria izango du, eta beste 4.000 euro eskura ditzake bere lana beste hizkuntza batean argiratzen bada. Euskarazko Literatura Itzulpenaren irabazleak 18.000 euro jasoko ditu.

Informazio gehiago hemen.