Emakume Mahaia indartu asmoz, bilera irekia egingo da urriaren 20an

0
Herriko emakumeen ahotsa entzutea, jasotzea eta hori oinarri hartuta, parekidetasun politika eraginkorrak sustatzea. Horixe da Udaleko Parekidetasun Sailaren eta Emakume Mahaiaren asmo eta helburua. Bide horretan, mahaia indartu eta sendotzea dute helburu ikasturte berriaren hasieran. Hala, urriaren 20an, 17:00etan Emakume Txokoan bilera irekia egingo da herriko emakume guztientzat.

Ibilbide oparoa izan du Emakume Mahaiak; 20 urte dira sortu zela. Emakume Mahaiaren eskaerei erantzun asmoz sortu zen duela 10 urte Emakume Txokoa. Urte seinalatua da aurtengoa, beraz. Egindako ibilbideri erreparatuz, indarrak berritzea eta batzea lortu nahi dute. Horretarako, ikasturte berriarekin batera, bilera irekia deitu dute. Hitzordu horretan, elkar ezagutza bultzatzeaz gain, Emakume Mahaiaren eta Txokoaren berri eman eta ezagutaraztea da asmoa. Bilerara joateko asmoa dutenek aurrez emakumetxokoa@azpeitia.eus helbidera mezu bat bideliz joatekoak direla jakinaraztea komeni da urriaren 18a bitartean, antolaketa lanak errazteko.

“Herriko emakumeen ahotsa da mahaia, eta hori sendotu nahi dugu. Jatorri, sentsibilitate, adin… ezberdinetakoak biltzen gara, baina aurrean ditugun erronka berriei erantzuteko, ezinbestekoa iruditzen zaigu emakume gehiagoren inplikazioa”, adierazi du Idoia Arrizabalaga Parekidetasun zinegotziak. Mahaian, besteak beste, berdintasun politiken norabidea hausnartzen da, gero udalean proposatu eta abian jartzeko. Horregatik, herriko emakume guztiak gonbidatu ditu Emakume Mahaia eta txokoa ezagutzeko jarritako hitzordura.