Osakidetzako Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea munduko 100 ospitale onenen artean dago Pediatria espezialitatean

0

Newsweek aldizkari estatubatuarrak eta Statista datu-atariak egindako «World’s Best Specialized Hospitals 2022» sailkapenaren arabera

25 herrialde baino gehiagotako 40.000 aditu medikok baino gehiagok parte hartu dute sailkapen horretan, espezialitate desberdinetako ebaluazio-inkestetan.

Newsweek aldizkariak Pediatria arloko munduko 150 ospitale espezializatu onenen zerrenda argitaratu du. Osakidetzako Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea 93. postuan dago. Sailkapen hori egiteko, Newsweekek, Alemaniako Statista onlineko estatistika-atariarekin batera, 40.000 aditu mediko baino gehiago gonbidatu zituen –tartean, medikuak, ospitaleetako zuzendariak eta osasun-profesionalak– onlineko inkestetan parte hartzeko, hainbat ospitale eta beren espezialitateak gomendatu eta ebaluatu ahal izatea xede. Inkesta horien emaitzak aditu medikoen batzorde global batek balioztatu zituen.

«World’s Best Specialized Hospitals 2022» inkestak Kardiologian, Endokrinologian, Gastroenterologian, Onkologian, Neurologian, Ortopedian, Medikuntza Pediatrikoan eta Nerabeen Medikuntzan, Kirurgia Kardiakoan, Neurokirurgian eta Pneumologian espezializatutako munduko ospitale onenak identifikatu eta nabarmentzen ditu.

Itziar Astigarraga medikuak, Barakaldoko zentroko Pediatriako zerbitzuburuak, esan du zerrenda horretan sartzearekin aitorpena egiten zaiola ospitaleari, «zentro erreferentea delako gaixotasun arraroetan, hala nola fibrosi kistikoan, eta kirurgia konplexuetan, hala nola sortzetiko kardiopatian Euskadin, eta, Osasun Ministerioak gaixotasun metaboliko hereditarioen, pediatriako giltzurruneko transplanteen eta epilepsia errefraktarioaren zentro, zerbitzu eta unitate erreferente gisa aitortuta dagoelako. Orobat, Europako beste zentro handi batzuekin sarean lan egiteak duen garrantziaren erakusle da, bai eta gaixotasunen metaboliko eta endokrinologiko pediatriko arraroen Europako sare erreferenteetan (ERN) nahiz haurren minbiziarekin lotutako nazioarteko beste ekimen batzuetan parte hartzearena ere».

Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko ospitaleko pediatria-arreta zentro sanitarioan eta etxean ematen da, pediatriako etxeko ospitalizazio-taldeari esker. Talde horrek etxean artatzen ditu pazienteak, eta zainketa aringarri pediatrikoak ematen dizkie, beharrezkoak direnean. Halaber, asistentzia-lanaz gain, lan handia egiten da irakaskuntzan eta ikerketan, eta proiektu asko garatzen dira Biocruces Bizkaia Ikerketa Sanitarioko Institutuan.

Arreta espezializatuan egindako aurrerapenez gain, paziente eta familientzako asistentzia sanitarioan ahalik eta kalitate eta segurtasun handiena lortzeko, ospitaleko zerbitzuko talde osoak apustu sendoa egiten du arreta hori gizatiarragoa izateko, eta ekimen ugari garatu ditu, bai pertsonen mailan, bai ingurune fisikoan.

Beste aitorpen batzuk

Azken sei urteetan, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak hainbat aintzatespen eta sari jaso ditu, esaterako, Estatuko Pediatria Zerbitzu Onenarena, eta nabarmentzekoak dira Best in Class (BIC) izendatu dutela 4 urtez jarraian (2015etik 2018ra) eta 5 BIC izarreko Bikaintasun Saria 2019an.

Gainera, joan den irailean, Osasun Ministerioaren lehen saria jaso zuen jaioberrien arretarako segurtasun-jardunbide egokietan, jaioberrien arretan segurtasun klinikoa hobetzeko garatutako neurriengatik eta infekzioen murrizketan lortutako emaitza bikainengatik.

Aintzatespen horiek guztiak «Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean pediatriako arretan diharduten profesionalek, hala medikuek nola erizainek, eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean haur eta nerabeei eskainitako diziplinarteko talde sanitario guztiek egindako lanaren» emaitza dira, nabarmendu du Ezkerraldea Enkarterri Gurutzeta ESIko zuzendari gerenteak.