Maizterrei beren energia-fakturetan kostu txikiagoa eta kontsumo efizienteagoa lortzen laguntzeko, Donostiako Udalak e-Lagun proiektua jarri du abian, EXEGINTZAren bitartez eta Eusko Jaurlaritzarekin eta Euskadiko beste etxebizitza-erakunde sozial batzuekin lankidetzan.
Laguntza-zerbitzu berritzaile bat da, «Energia-kudeatzailea» izeneko figurarekin. Doakoa da, eta alokairuko etxebizitzen parke publikoan bizi diren pertsonei aholkuak emango dizkie, kontsumoari eusteko eta faktura murrizteko, etxeetan erosotasunari eutsiz.
Energia-kudeatzaileak maizterrei lagunduko die faktura elektrikoaren eta berokuntzako edo gas naturaleko fakturaren alderdi guztiak berrikusten, eta kontsumo-ohitura eraginkorragoei buruzko aholkuak emango dizkie.
Era berean, “Errentariaren energia-gidaliburua” garatu da. Gidaliburu horretan, familiek etxean gerta daitekeen energiarekin lotutako guztia ezagutu ahal izateko behar den informazio guztia biltzen da.