Eusko Jaurlaritzak indartu egingo du ibilgailuen baldintza teknikoen azterketa bigarren mailako errepideetan

0
  • Batez ere pneumatikoen egoera, argiak eta IATa ikuskatuko dituzte.

Ertzaintzak, udaltzaingoekin lankidetzan, bigarren mailako errepideetan dabiltzan ibilgailuen baldintza teknikoen ikuskapena indartuko du urriaren 18tik 24ra bitartean. Kanpainaren helburua da errepideetan zirkulatzeko araudi bidez ezarritako baldintzak betetzen diren zaintzea. Arreta berezia eskainiko zaie ibilgailuen azterketa teknikoari (IAT), argiei eta pneumatikoei.  

Sonia Díaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak nabarmendu duenez,  “ibilgailuaren segurtasunak zerikusi zuzena du hura behar bezala mantentzearekin. Alde horretatik, funtsezkoak dira aldian behingo azterketak, eta IATa eguneratuta izateak, beraz, berresten du baldintza teknikoak araudi bidez ezarritakora doitzen direla. Agerikoa iruditu arren, ezinbestekoa da ibilgailua baldintza onetan izatea istripuak saihesteko”.

IATa eguneratuta ez izatea arau-hauste larria da, eta 200 euroko zigorra du. Argiei dagokienez, anomaliaren bat hautematen bada, gidariari jakinaraziko zaio lehenbailehen konpon dezan. Anomalia horiek bidean gertatzen badira, ez da eragotziko jarraitzea, baldin eta arriskutsua ez bada; izan ere, gaur egun ez da nahitaezkoa ordezko lanparak eramatea.  Bestalde, pneumatikoek gutxienez 1.6 mm-ko errodadura-sakonera izan behar dute. Horrez gainera, beti mantendu behar dituzte arauzko inskripzioak, eta ez dute babarik, deformaziorik, hausturarik edo pitzadurarik izan behar, ezta kablerik ere agerian.

Ibilgailuen baldintza teknikoak ikuskatzeko kanpaina trafikoa eta garraioa zaintzeko eta kontrolatzeko urte osorako programatu diren 46 kanpainen egutegiaren barruan egingo da.