Euskadiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaiak Haur, Nerabe eta Gazteen Batzordea eratzea erabaki du

0

Euskadiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaia gaur batu da, eta Beatriz Artolazabal
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua izan da buru. Eusko Jaurlaritzaren
eta Euskadiko hirugarren sektore sozialeko sareen arteko elkarrizketarako eta
elkarlanerako organo goren horrek adostu du Haur, Nerabe eta Gazteen Batzordea
eratzea. Batzordea elkarrizketarako eta lan operatiborako espazio iraunkorra izango da
eta, haren bidez, Mahaian bertan haur, nerabe eta gazteen politikei helduko zaie.

Batzordearen helburuetako bat ume, nerabe eta gazteentzako politiken orientazioan,
diseinuan, zabalkundean eta ebaluazioan parte hartzea da. Halaber, ekimen bateratuak
sustatuko ditu, besteak beste, ume, nerabe eta gazteen bizi-baldintzak hobetzen eta
eskubideak aitortzen eta benetan baliatzen lagunduko dutenak, bai eta gizartean parte
hartzea sustatzen lagunduko dutenak ere.

Batzordeak honako etorkizun eta helburu hauek izango ditu:
– Euskadi Europan desberdinkeria sozialik txikiena duten bost herrialdeen artean kokatzea
eta, horretarako, haur-pobreziaren murrizketari heltzea.
– Eskola uztea % 7tik beherakoa izatea.
– Gazteak emantzipatzeko batez besteko adina 29 urtetik beherakoa izatea
legegintzaldiaren amaieran, eta 28tik urtetik beherakoa, 2030ean.
– % 10 areagotzea jaiotza-tasak.

Haur eta nerabeen eremuko lantalde iraunkorra gehienez 12 pertsona fisikok eratzen dute.
Zazpi Euskadiko hirugarren sektore sozialeko sare eta erakundetako ordezkariak izango
dira, Euskadiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaiko kideak, eta, hala badagokio, sare eta
erakunde horiek proposatuta izendatutako haur, nerabe eta gazteen arloko adituak diren
beste erakunde batzuetako ordezkariak. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko bi ordezkari.
Eta beste hiru pertsona, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Familia eta
Haurren Zuzendaritzaren, Gazteria Zuzendaritzaren eta beste arlo batzuen ordezkaritzan.

Azkenik, Batzordearen xedea aintzat hartuta, umeek, nerabeek eta gazteek hartan parte
hartzeko bide ere emango da; parte-hartzea zenbait unetan antolatu ahalko da.