Euskadiko jarduera fisikoaren eta kirolaren Legeak bere bidea hasi du Eusko Legebiltzarrean

0
PRUEBA
  • Bingen Zupiria sailburuak Kultura, Euskara eta Kirol Batzordean aurkeztu du Gobernu Kontseiluak uztailean onartu zuen legearen aurreproiektua
  • Arau berriak jarduera fisikoaren eta kirol-sektorearen oraingo premiei erantzun nahi die

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendari Jon Redondok lagunduta Euskadiko jarduera fisikoaren eta kirolaren Legearen aurreproiektua azaldu du Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskara eta Kirol Batzordean. Gobernu Kontseiluan uztailaren 27an onartutako testu berriak Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera fisikoa eta kirola sustatzeko eta arautzeko aukera emango du.

Lege berri honek esparru juridiko berri bat emango die jarduera fisikoari eta kirolari, Kirolaren 14/1998 Legea, ekainaren 11koa, bi hamarkadatik gora indarrean egon ondoren. Hala, arau berri honek islatu egingo ditu urte hauetan guztietan jarduera fisikoak eta kirolak izan dituzten aldaketak, eta haien oraingo erronkei eta premiei erantzun die. Arau berri honek 15 titulu, 16 xedapen gehigarri, 4 xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile 1 eta 3 azken xedapen biltzen ditu.

Bingen Zupiria sailburuak Eusko Legebiltzarrean gogoratu duenez “parte-hartze prozesu luze eta emankor batetik abiatuta sortu zen legearen oinarria; sektoreko eragileek egindako ekarpenetatik eraikia izan zen legearen zorua. Ondoren gorputza eman ahal izan genion legea izango zenari eta sektorearekin partekatu genuen berriro. Hasieratik amaierara arte, beraz, sektorearen gogoetak, iritziak eta ekarpenak kontutan izanda sortu da Lege hau, orain Legebiltzarrera dakarkiguna”.

Lege berri honetan protagonismo berezia hartzen dute honako hauek: jarduera fisikoa eta kirola sustatzea; kirol inklusiboago bat lortzeko helburua; gobernantza onaren ereduak barneratzea; desberdintasunak errotik erauztea; emakumezko kirola sustatzea; kirol-erakundeetan organo paritarioak edukitzeko betebeharra; obesitatearen eta sedentarismoaren aurkako borrokan eta bizi-ohitura osasungarriak sortzeko zereginean administrazio publikoek betetzen duten rola argitzea, eta kirol federatuaren egiturei dimentsio berri bat ematea eta haiek arrazionalizatzea. Horregatik, legeak lehentasuna ematen dio herritarrek jarduera fisikoa egiteari, gizarte aktiboagoa lortzeko helburuarekin. Horretarako, Jarduera Fisikoaren Euskal Agentzia sortuko da, kirol-arloan eskumena duen Herri Administrazioko sailari atxikita, eta haren helburua, besteak beste, jarduera fisikoa sustatzeko politikak planifikatzea eta koordinatzea izango da. Gainera, bere erronken artean, Euskadiko kirol zerbitzu publikoetan sartzeko kirol txartel bakarra bultzatzea egongo da.

Euko Legebiltzarrean gaur aurkeztutako testuak jarduera fisikoaren eta kirolaren sustapena azpimarratzen du, baita hainbat arlotan eskumena duten administrazio desberdinek zeharka parte hartzeko premia ere, kirol-arloan ez ezik, osasun-arloan eta hezkuntza-arloan ere, besteak beste, sektore bati baino gehiagori dagokielako euskal gizarte aktiboago bat lortzeko erantzukizuna. Hala ere, lege berriak, jarduera fisikoa eta kirola sustatzeko, jarraitu egiten du udalerria ardatz nagusitzat hartzen, herritarrengandik gertuen dagoen administrazioa delako, baita kirol-arloko ekipo, espazio eta zerbitzu gehienen titularra ere.

Bestetik, legeak zeharka jasotzen ditu genero-ikuspegia eta sexu/genero dibertsitatea, arlo honetan politika publiko guztiak gidatu behar dituen printzipio gisa, horrela emango baitira aurrerapausoak berdintasun benetako eta eraginkor baterantz jarduera fisikoaren eta kirolaren eremuan, eta dagozkien alderdi guztietan.

Lege berriaren arabera, jarduera fisikotzat hartuko da “gorputz-mugimendu oro, muskulu eskeletikoek eragindakoa, eta energia-gastua eskatzen duena” eta kiroltzat hartzen da “era guztietako jarduera fisikoak, partaidetzaren bidez —antolatua edo beste modu batekoa— helburu duena egoera fisikoa eta psikikoa adieraztea edo hobetzea, harreman sozialak garatzea, edo maila guztietako lehiaketetan emaitzak lortzea”.

Gobernantza ona 

Testu berriak hainbat xedapen jasotzen ditu, euskal kirol-sisteman gobernantza ona bermatzeko eta Euskadin antolatzen diren kirol-erakundeak eta jarduerak honako printzipio hauek gidatutakoak izan daitezen sustatzeko: kudeaketaren gardentasuna, eraginkortasuna eta efizientzia, partaidetza demokratikoa, benetako berdintasuna, inklusio soziala, hizkuntza-normalizazioa eta abar. Helburu horrek Lege osoa hartzen du eraginpean ideia honetan oinarrituta: kirol-sistema baten maila kirol-emaitzen arabera ez ezik, bere gobernantza onaren kalitatearen arabera ere neurtu behar da, dimentsio soziala eta hezitzailea baitu kirolak.

Federazioak

Legeak federazioen hauteskunde-sistema sinplifikatuko du, eta euskal federazioen zein lurralde-federazioen hauteskunde-prozesuak independenteak izango dira (orain arte euskal federazioen hauteskunde-prozesuak lurralde-federazioen aurreko hauteskunde-prozesuetan oinarritzen ziren) eta batzar orokorrak kirol-erakundeen ordezkariek soilik osatuko dituzte (orain arte euskal federazioen batzar orokorrak lurralde-federazioen batzar orokorretatik abiatuta eratzen ziren). Horrela, lege berriarekin, klubak eta kirol-elkarteak kirol federatuaren erabakigune bihurtuko dira.

Lege berria indarrean sartzen denean, kirol-federazioei ere aitortuko zaie beren lehiaketen ustiapen ekonomikorako eskubideen titulartasuna.

Teknologia berriak

«Euskadiko jarduera fisikoaren eta kirolaren Lege Aurreproiektuak» estaldura juridikoa ematen die kirol-erakundeei, haien estatutuetan jasota ez badago, erabakiak aurrez aurreko bilerarik egin gabe hartu ahal izan ditzaten, hau da, baliabide elektronikoen bidez, COVID-19tik eratorritako larrialdi-egoera sanitarioaren ondorioz hartutako ezohiko neurriez harago.

Bestetik, testuak kirol-sistema teknologia berrietara egokitzeko hainbat neurri gehigarri jasotzen ditu, tramiteak eta betebeharrak sinplifikatuta, besteak beste, federazioen estatutuak aldizkari ofizialetan argitaratu beharrik izan gabe.

Lege berriak kirol-ekitaldien leihatila bakarra sartzeko oinarriak ere ezartzen ditu, kirol-ekitaldiak antolatzen dituzten erakundeek behar dituzten komunikazioen, adierazpenen, baimenen eta lizentzien informazio- eta tramitazio-gune izan dadin. Leihatila bakarraren helburua da kirol-ekitaldien antolaketa erraztea eta jarduera horiek garatzeko ingurune onuragarriagoa sortzea.

Kirola ikuspegi sozialetik

Lege berriak desgaitasuna edo dibertsitate funtzionala duten pertsonen erabateko inklusioa lortu nahi du, eta kirol inklusiboa lortzeko eta jarduera fisikoaren eta kirolaren esparruan kolektibo horren oinarrizko eskubideen errespetua bermatzeko oztopoak ezabatzen saiatzen da.

Eskola-adineko jarduera fisikoak eta kirolak ere berritasun nabarmena dute etorkizuneko legean. Gaur egun, kirol-segmentu hori 6-16 urte bitarteko adingabeek osatzen dute, hau da, derrigorrezko eskolatze-aldian dauden adingabeek. Lege berriak 0-6 urte bitarteko adin-tartea ere jasoko du.

Gainera, testu berriak arreta berezia jartzen du adingabeen hezkuntza-alderdietan, eta bereziki aipatzen du kirolaren arloko indarkeriaren, arrazismoaren, xenofobiaren eta intolerantziaren aurkako borroka. Horretarako, kirolaren arloan hastapenetan dauden adinetan beharrezko ohiturak —errespetuari, tolerantziari eta joko garbiari lotutakoak, besteren artean— transmititzen ditu.

Etorkizuneko legeak indarkeria, xenofobia eta intolerantzia prebenitzeko neurriak ere bultzatuko ditu jarduera fisikoan eta kirolean. Horretarako, prebentzio-politika aktiboak ezarriko ditu.

«Euskadiko jarduera fisikoaren eta kirolaren Lege Aurreproiektuak» arau-hauste berrien tipifikazioa —oso larriak, larriak edo arinak— jasotzen du. Kirolaren arloan indarkeriarekin eta intolerantziarekin lotutako arau-hausteak jasotzen ditu, besteak beste, arrazismoa, xenofobia, sexu-orientazioagatiko, genero-identitateagatiko edo arrazoi erlijiosoengatiko diskriminazioa. Arau-hauste horiek zehapenak ekar ditzakete, besteren artean, lizentzia behin betiko etetea, 6.000 eta 60.000 euro bitarteko isunak, kirol-esparruak ixtea edo desgaitzea.

Bestetik, kirolaren arloko korrupzioarekin, partiduetako amarruekin eta antzekoekin lotutako arau-hausteak ere tipifikatzen dira, kirolean integritatea zaintzeko. 

Kirolarien osasuna 

«Euskadiko jarduera fisikoaren eta kirolaren Lege Aurreproiektuaren» VI. tituluak kirol-lehiaketetan eta lizentziak ematerakoan osasun-azterketak egin behar direla jasotzen du, baina generalizazioa saihestuta eta beharrezkotzat jotzen den kasuetan bakarrik.

Gainera, legeak kirolariei zuzendutako laguntza eta babesa arautuko ditu, eta berritasunik esanguratsuena da herritarrek kirol-lehiaketa autonomikoetan eta beheragokoetan egiten duten kirol-jardueraren ondoriozko asistentzia sanitarioa osasun-sistema publikoak emango duela, haren kontura.

Goi-mailako kirola 

Legeak berariaz aitortzen du Basque Team Fundazioak gaur egun betetzen duen eginkizuna, zeinak goi-mailako kirolaren programa batzuk kudeatu eta laguntza ematen duen. Testuak gobernuaren hainbat instantziaren eskumenak ere jasotzen ditu. Hala, goi-mailako eta errendimendu handiko kirolariekin zerikusia duten gaiak Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoak izango dira, eta promesa eta talentu handiko kirolarienak, berriz, Foru Aldundien eskumenekoak.

Bestetik, Lege-aurreproiektuak babes handiagoa eskaintzen die goi-mailako emakume kirolariei haurdunaldian eta amatasunean, eta ondorio negatiboak galarazten ditu, besteak beste, laguntzak eta subentzioak galtzea lehiatu ez izanaren aitzakian.