2019ko urrian ehun lagunetik gora bildu ziren Azpeitin Sormenean Hezi, Kulturan bizi I. jardunaldian. Jardunaldiok antolatzeko abiapuntua argia zen: euskal kulturgintzaren transmisioan (ezagutzan eta praktikan) etena eman da. Ondorioz euskal kulturgintzaren transmisioa ez dago bermatuta hezkuntza arautuan, hezkuntza ez-arautuan eta familia edo etxe giroan. Azpeitiko jardunaldiak hezkuntza arautuan euskal kulturgintzaren transmisioaren egoeraren erradiografia egin eta Euskal Herri osoan elkarrekin aritzeko prest leudekeen eragileak identifikatzeko antolatu zituzten. Jardunaldi haietatik sortu zen gaur egun lanean ari den Euskal Herri osorako ikuspegia duen lan-talde bat.
Aurtengo jardunaldietan hezkuntza araututik kanpo euskal kulturgintzaren transmisioaren (ezagutza eta praktika) egungo egoera esperientzia praktikoetatik ezagutu nahi dute. Egunerokoan gorpuzten diren esperientzia praktiko horien lagungarri, marko teoriko bat proposatu nahi dute, zeina honako bi galderak hausnartuta osatu asmo duten: Nola euskaltzaletzen gara? Nola kulturzaletzen gara? Nola sozializatzen gara euskarazko kultur sormenaren inguruan? Zein espazio ditugu euskarazko kultur sormenaren inguruan elkartzeko? Zer egin genezake elkarrekin euskal kulturgintzaren ekosistema osatzen dugun Euskal Herri osoko eragileok?
Bestetik, jardunaldiotatik Euskal Herri osorako ikuspegia duen lan-talde bat osatu nahi dute erakunde antolatzaileek, zeinak euskal kulturgintzaren transmisioa (ezagutza eta praktika) eskolaz kanpo nola bermatu dezakegun aztertu eta proposatuko duen.
Hauek dira antolatu dituzten jardunaldiak (klikatu bakoitzaren egitaraua ikusteko):
• 2021-10-23 – SENPERE (Larraldea)
• 2021-11-06 – LAUDIO (Aiaraldea Ekintzen Faktoria)
• 2021-11-13 – LESAKA (Harriondoa)
• 2021-11-20 – AZPEITIA (Elikagunea)
Jardunaldiaren antolatzaileek aipatu dute kulturgintza ekosistema bat dela, sortzaileek, antolatzaileek, komunikabideek, hezitzaileek eta zaleek osatzen dutena: “Ekosistemako eragileek guztiek batera jardun behar dugu. Elkarlanik gabe, ez kulturgintzak, ez euskalgintzak ez herrigintzak ez dute etorkizunik. Aterabideak elkar hartu eta artikulatzetik soilik etorriko dira ulertzen dugunez, elkarlanerako ateak zabalik daude”.
Nagore Alkortak, Azpeitiko alkateak azken urte hauetan bere Udalak bi erronka sendori heldu diola azpimarratu du: “Alde batetik, herrian dugun kultur mugimendu indartsuarekin elkarlanean, kulturaren sormena eta transmisioaren lanketaren aldeko konpromisoa dugu. Beste aldetik, berriz, herria unibertsitatearekin lotzeko bideak urratu ditugu, eta aitortza bezala bizi dugu jardunaldi hau Azpeitian egitea. Ziur jardunaldi hau lagungarri zaigula etorkizunerako lanketetarako giltza edo pistaren bat jasotzeko”.
Matrikula zabalik dago: www.ueu.eus webgunean.