Jokin Bildarratzek egunotan Euskadin diren 21 enbaxadore europarri harrera egin die Tknikan

0

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordearekin batera, Europar Batasuneko kide diren Estatuetako diplomatikoei harrera egin die gaur goizean, egun hauetan – urriaren 17tik 19ra – Euskadin baitira bisitan. Tknikan, Euskadiko Lanbide Heziketaren Ikerketa Aplikatuko Zentroan izan da hitzordua, eta Mikel Anton Eusko Jaurlaritzako Europako Gaietarako zuzendariak ere parte hartu du bertan.

EBko Estatu kideek Madrilen dituzten enbaxadoreek autonomia erkidego bat hautatzen dute urtero, bertara azterketa-bisita bat egiteko. Aurten, berriro ere, kidego diplomatikoak Euskadi hautatu du, hemengo errealitatea eta izaera berritzailea bertatik bertara ezagutzeko, lan-agenda emankor baten bidez. Euskadiko errealitate soziala, ekonomikoa, kulturala eta politikoa EBko herrialdeetara zuzenean hurbiltzeko modu bat da.

Europako 21 herrialdetako ordezkariak ari dira parte hartzen bisita ofizialean, Robert Krmelj Esloveniako enbaxadorea buru dutela, herrialde horrek baitu Europar Batasuneko txandakako presidentea. Harekin batera, Alemania, Austria, Bulgaria, Zipre, Kroazia, Danimarka, Eslovakia, Estonia, Finlandia, Grezia, Hungaria, Irlanda, Letonia, Lituania, Luxenburgo, Malta, Herbehereak, Polonia, Portugal eta Suediako enbaxadoreak daude Euskadin, baita Europako Batzordeko ordezkari bat ere.

Euskal Lanbide Heziketarekiko interesa

Kidego diplomatikoak interes handia erakutsi du Lanbide Heziketaren euskal eredua ezagutzeko, eta, bereziki, eredu honek nola erantzuten dien XXI. mendeko erronkei eta dagoeneko gertatzen ari diren aldaketa sakonei. Izan ere, euskal Lanbide Heziketa erreferentea da Europako Kontseiluarentzat arlo honetan Europako politikak garatzeko. Hori dela eta, Tknikarako bisitak leku aipagarria izan du egun hauetako agendan.

Euskadiko Lanbide Heziketaren Ikerketa Aplikatuko Zentrora (Tknikara) iritsita, Lanbide Heziketaren arlo estrategikoenetako batzuk bisitatu dituzte, hala nola 3D inprimaketari eskainitako Ikaslab gela, Zibersegurtasunari edo 4.0 Industriari eskainitako arloak, Errealitate Birtuala, edo Biozientzien eta Jasangarritasunaren arloko Bio-laborategiak.

Lehendakariarekin bilera

Gaur arratsaldean, Iñigo Urkullu Lehendakariak hartuko ditu diplomatikoak Gasteizen. Bilera horretan, Europan gaurkotasun handia duten gaien inguruko ikuspuntuak partekatzeko aukera izango dute, hala nola pandemia osteko susperraldi ekonomikoa eta soziala, Europako Funtsen kudeaketa edo trantsizio energetikoa eta klima-aldaketa.

Lehendakariarekin izango duten bileraz gain, Eusko Legebiltzarreko presidente Barkatxo Tejeriarekin ere bilduko dira eta Gernikako Batzar Etxea –Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak hartuko ditu–, Chillida Leku museoa eta Basque Culinary Center ere bisitatuko dituzte. Teknologiaren arloan, berriz, Tknikaz gain, aukera izango dute Miramongo Teknologia Parkea eta Viralgen enpresa bioteknologikoa ezagutzeko. Terapia genikorako bektore biralen ekoizpenean espezializatua da Viralgen enpresa.

Halaber, taldeak Euskadiko Biodibertsitate Zentroa bisitatuko du (Busturiako Madariaga Dorretxea), eta bertatik bertara ezagutuko du Basque Green Deal ekimena, garapen ekonomiko bidezko eta iraunkorrerako euskal eredua, industria eta teknologia palanka nagusi direla.