Kontsumoko arbitraje-sistemaren onurez enpresak kontzientziatzeko kanpaina bat abiarazi du Kontsumobidek.

0

Kontsumobide Kontsumoko Euskal Institutuak kanpaina bat hasi du Kontsumoko Arbitraje Sistemaren onurez enpresak kontzientziatzeko eta sistema horretan enpresa gehiago kide egiteko. Gaur egun, Euskadiko 15.000 enpresa eta establezimendu baino gehiago daude kontsumo-gatazkak konpontzeko sistema horri atxikiak.

Europar Batasunaren finantzaketa duen kanpaina hau Euskadiko 1.000 enpresa eta establezimendu baino gehiago bisitatzean oinarritzen da, arbitrajearen funtzionamenduari eta onurei buruzko informazioa emateko eta harekin bat egitera gonbidatzeko. Irrati-iragarkiekin, sare sozialekin eta eskuorri espezifikoen edizioarekin indartzen da.

Arbitraje-sistemaren funtsezko alderdi bat kontsumitzaileak dira; beraz, haiei ere zuzentzen zaie kanpaina honetan Kontsumobide. Pegatina laranja bilatzea gomendatzen da, kalitate-plus bat ematen digun bereizgarria, enpresak edo establezimenduak kontsumo arduratsuarekin eta kontsumo-gatazkak azkar eta modu adiskidetsu batean konpontzearekin duen konpromiso baten ikur, alegia.

Kontsumitzaile eta erabiltzaileen eta enpresen, merkatarien edo zerbitzu-emaileen artean sor daitezkeen gatazkak konpontzeko biderik errazena da kontsumo-arbitrajea. Mekanika sinplea da: saltoki bat Arbitrajeko Euskal Zerbitzuari atxikita badago (hau da, pegatina laranja erakusten badu), kalitatearekin eta kontsumitzailearekin konprometitzen da. Arazo baten aurrean, kontsumitzaileak arbitrajea eska dezake inprimakia betez eta Kontsumobiden, KIUBn, kontsumitzaileen elkarteetan edo zuzenean Arbitraje Batzordean aurkeztuta. Enpresa arbitraje-sistemari atxikita badago, akordio bat lortzeko bitartekotza egiten saiatuko da. Akordioa ezinezkoa bada, arbitraje-elkargoak edo arbitroak nahitaez bete beharreko erabaki bat (arbitraje-laudoa) hartuko du. Hori guztia 90 egunetan garatzen da, arbitraje-eskaera onartzen denetik, eta guztiz doakoa da.