Osakidetzak 2022an ekingo dio mamografo ia guztiak azken belaunaldiko ekipoekin ordezteari

0

 

Datorren urriaren 19an Bularreko Minbiziaren aurkako Munduko Eguna dela eta, detekzio goiztiarraren garrantzia azpimarratu du Osakidetzak, gaixotasun hori —tumore ohikoena emakumeetan— garaiz tratatu ahal izateko eta haien bizi-kalitatea hobetzeko. Hain zuzen ere, horregatik jarri zuen abian Osakidetzak, duela 26 urte, Bularreko Minbizia Goiz Detektatzeko Programa, aukera eman duena 11.000 minbizi inguru detektatzeko aldi horretan egindako 2,2 milioi mamografia baino gehiagotan. Minbizi gehienak fase goiztiarretan detektatu dira, zorionez.

Detekzio-programak onarpen handia du Euskadiko emakumeen artean, eta horren erakusgarri dugu xede populazioaren % 80k parte hartu dutela urteetan zehar. Zehazki, programan parte hartzeko gonbidapena 50 eta 69 urte bitarteko emakumeei egiten zaie, baita lehen mailako (ama, alaba, ahizpa) bularreko minbiziaren aurrekari familiarrak dituzten 40 eta 49 urte bitarteko emakumeei ere. Proba bi bularretan mamografiak egitean datza, eta bi urtean behin errepikatzen da. Emaitzak gutun bidez ematen dira, 6 edo 7 eguneko epean.

Pandemiaren ondorioz segurtasun-neurriak hartu behar izan diren arren (edukiera murriztua itxarongeletan, mamografoen garbiketa…) proben erritmoa moteltzea berekin ekarri dutenak, gaur egun Osakidetzak pandemia aurreko jarduerari berriro ekitea lortu du, nahiz eta oraindik betetzen diren higiene-neurriek eragotzi egiten duten lehengo abiadura bera mantentzea. Hala, 2021eko urtarriletik irailera bitartean 81.524 mamografia egin ziren, antzeko kopurua 2019ko aldi berean egin zirenen aldean —89.572 mamografia— eta askoz ere kopuru handiagoa 2020ko urtarriletik irailera bitartean egindakoen aldean —50.829 mamografia—.

Gaur egun, Osakidetzaren Bularreko Minbizia Goiz Detektatzeko Programak kudeaketa-unitate 1, 11 baheketa-unitate, 7 balorazio-unitate eta erreferentziazko 6 ospitale ditu, eta horietan Bularreko Batzordeek, asteko saio klinikoetan, jarraibide diagnostiko/terapeutikoak eta lesio susmagarrien jarraipena ezartzen dituzte. Hori guztia profesional-talde batek gidatzen du, erasandako emakume guztiei zerbitzu onena ematen eta arreta integrala eskaintzen diharduenak.

MAMOGRAFOAK BERRITZEA

Hain zuzen ere, zerbitzurik onena eskaintzeko eta doitasun handiagoko diagnostikoak egiteko helburuarekin bat etorrita, Osakidetzak azken belaunaldiko 13 mamografo berri erosi ditu, 2022. urtea amaitu baino lehen instalatuko direnak. Ekipo berriek tomosintesia dute, mamografia digitalaren 3Dko forma aurreratua, doitasun handiagoko irudiak lortzeko aukera ematen duena. Mamografo horien kostua 4,9 milioi eurokoa da.

Mamografoek Osakidetzako sare osoko 12 ekipo ordeztuko dituzte, bai baheketa-unitateek bai erreferentziako ospitaleek azken belaunaldiko ekipo bat gutxienez izan dezaten, eta, gainera, ekipo berri bat gehituko da Groseko anbulatorioan, orain arte ez baitzuen mamografiak egiteko gailurik. Mamografo berriak honela banatuko dira:

  • Gurutzeta ospitalea (2)
  • Errepelegako anbulatorioa (Portugalete)
  • Barakaldoko anbulatorioa
  • Galdakaoko ospitalea
  • Gernikako bereizmen handiko zentroa
  • Areilza doktorea anbulatorioa (Bilbo)
  • Basurtuko unibertsitate-ospitalea
  • Donostiako unibertsitate-ospitalea
  • Groseko anbulatorioa (berria)
  • Debagoieneko ospitalea
  • Arabako unibertsitate-ospitalea (1 Txagorritxun eta 1 Santiagon)

Bigarren fase batean, 2023-2024 aldian, tomosintesirik ez duten ekipo guztiak ordeztea aurreikusi da; hau da, 4 mamografo geratuko lirateke ordezteko, gaur egun 3 ekipo baitaude azken teknologia hori dutenak. Beraz, 2024rako Osakidetzako mamografoen ekipoak —20 guztira— azken teknologiako mamografia digitalak egin ahal izango ditu.