ADIERAZPENA: ETAk bere jarduna behin betiko utzi zuela eta 10. urteurrenean

0
PRUEBA

2011ko urriaren 20an, ETAk bere jardueraren behin betiko amaiera iragarri zuen.

Gaur, 10 urte geroago, eta euskal gizartearen gehiengoaren sentimendua ordezkatuz, Eusko Jaurlaritzak, urteurren honetan, hiru gogoeta adierazi nahi ditu.

Lehenengoa atzera begira egindako gogoeta da. ETAren jarduera terrorista guztiz zentzugabea izan zen, eta modurik irmoenean gaitzesten eta salatzen dugu behin berriro.

Berrogetaka urtez iraun zuen indarkeriazko jarduna ezagutu dugun eskubide eta askatasunen urraketarik larriena izan zen.

Zentzugababekeria horren emaitza dira ETAk utzi zituen 854 hildakoak eta zauritutako, bahitutako, mehatxatutako, eta estortsionatutako milaka pertsonak.

Bigarren gogoeta, 2011ko urriaren 20tik igaro diren hamar urteen ingurukoa da.

Baikorra da hamar urte hauei buruz egiten dugun gogoeta; indarkeriaren trabak gainetik kendu ondoren, pausu sendo eta erabakiorrak eman ditugu gizarte bezala norabide onean.

Biktimen aitortza lehen pausua da ibilbide horretan.

Biktima guztiena. Bai ETAren biktimena eta bai eskubideen urraketa guztien biktima izan diren guztiena.

Biktimek aitorpena behar dute: Legezkoa, erakundeena, gizartearena eta morala.

Bestetik, uste dugu memoriak izan behar duela gure etorkizunaren oinarri.

Gizarte bezala konfidantza berreskuratu dugu geure gaitasunetan eta hori ere aurrerapen esanguratsua da.

Eta hirugarren gogoeta etorkizunari buruzkoa da. Itxaropenez eta konpromisoz betetako gogoeta da.

Etorkizuna guztion artean eraiki beharko dugu, eta zutabe sendoak beharko ditu, printzipio eta balio etiko eta demokratikoetan oinarriturik.

Pertsonaren duintasuna, giza eskubideen errespetua eta berme eraginkorra, indarkeriarik eza, errespetua, elkarrizketa, aniztasuna eta pluralitatea  denok aitortzen ditugun printzipioak dira.

Bat gatoz denok bizikidetza indartzeko eta hobetzeko printzipioak direla, eta bizikidetza da bidea.

Denon arteko bizikidetza, guztiontzakoa. Inor atzean utzi gabe.