Beatriz Artolazabal sailburua eta Eneko Goia Donostiako alkatea ‘10 urte eta gabe. Elkarbizitza eraikiz’ solasaldian izan dira

0

Beatriz Artolazabal, Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiken sailburua eta Eneko Goia, Donostiako alkatea, 10 urte ETA gabe. Elkarbizitza eraikiz solasaldian izan dira, Donostiako udaletxeko osoko bilkura aretoan. José Antonio Rodríguez Ranz, Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea; Aintzane Ezenarro, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria; eta Monica Hernando, Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren zuzendaria izan dituzte lagun.
ETAren amaieraren hamargarren urteurrena dela eta, Gogora Memoriaren Institutuak eta Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren Zuzendaritzak, EAEko hiriburuetako udalekin batera, antolatzen dituzten ekitaldietako bigarren solasaldia da hau.
Dani Alvarez kazetariak aurkeztu eta gidatu du gaurko solasaldia, eta azken hamar urteotan egindako aurrerapenak eta bizikidetza sendotzeko egiteko dauden erronkak aztertu. Solasaldian parte hartu dutenak: Josu Elespe eta Edurne Albizu, ETAk hildako biktimen senideak; Carmen Gisasola, ETAko kide ohia; Mikel Basabe, Aralarreko legebiltzarkide ohia; Pello Salaburu, Memoria Digna Gogoan taldeko kidea; eta Aitor Gabilondo, Patria telesaileko zuzendaria.
Ekitaldian izan dira Xabier Ezeizabarrena, Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea, Eider Mendoza, Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatua eta bozeramailea, Donostiako Udaleko EAJ-PNV, PSE-EE eta PPko zinegotziak, ETAk hildako biktimen senideak eta giza eskubideen arloko erakundeetako kideak.
Solasaldi hau zuzenean jarraitu ahal izan da streaming bidez EITBren webgunean eta Gogoraren webgunean, eta Radio Euskadiko Ganbara irratsaioak ere emango du 21: 00etatik aurrera.

Bihar, urriak 20, ekitaldi instituzionala Bilbon
Iñigo Urkullu lehendakaria izango da, bihar, Bilbon, ETAren 853 biktimen oroimenez, Biktimak gogoan. Elkarbizitza eraikiz ekitaldiaren buru. Gogora Memoriaren Institutuak eta Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren Zuzendaritzak antolatutako ekitaldi nagusia da, ETAk indarkeria utzi zueneko hamargarren urteurrenaren testuinguruan egindakoa.
Biktimak gogoan. Elkarbizitza eraikiz ekitaldiaren ardatza ETAk hildako 853 pertsonak gogoratzea, eta bake, bizikidetza eta askatasun terminoetan etorkizunarekin konpromisoa hartzea izango da. Ekitaldia Gogora Institutuaren Bilboko egoitzan izango da, 18:30ean, eta streaming bidez emango da. Ekitaldi honetarako ezinbestekoa da bertaratzeko baieztapena izatea.
Goizean, 9:30ean, Lehendakariak Gazteak, bizikidetza, etorkizuna izena daraman topaketan parte hartuko du, hiru euskal unibertsitateetako berrogeita hamar bat ikaslerekin, Bilboko Azkuna Zentroan. Ikasle horiek terrorismoaren eta indarkeriaren biktimak entzuteko Adi-Adian moduluan edo beste hezkuntza-esperientzia batzuetan parte hartu dute.