Bilbo-Basurtuko ESIak, CIC bioGUNE – Biozientzietako Ikerkuntza Kooperatiborako Guneak eta Biocruces Bizkaia Osasun Ikerketa Institutuak aliantza berria ezarri dute, prostatako minbizian ikerketa translazionaleko laborategi mistoa sortu baitute

0
PRUEBA

Prostatako minbizia tumorerik ohikoena da gizonetan, eta, urtean, heriotza-kopuru handia eragiten du. Euskadin, urtean 1.700 gizonekoa da intzidentzia, eta heriotza-tasa, urtean 350 pazientekoa, gutxi gorabehera. Horrek ekimen honen garrantzia sozioekonomikoa nabarmentzen du.

 

CIC bioGUNEko Arkaitz Carracedo doktorearen eta Bilbo-Basurtuko ESIko Miguel Unda doktorearen ikertaldeen artean elkarlanean 10 urte baino gehiago eman ondoren, Biocruces Bizkaia osasun-ikerketa institutu barruko laborategi misto hori sortu izanak Euskadin prostatako minbiziaren eremuan ikerketa translazionala eta aplikatua sustatuko du, eta horrek eremu horretan mugako ikerketa egitea ekarriko du.

Laborategiaren misioa Estatuan prostatako minbiziaren inguruko ikerketa-ingurune paregabea sortzea da, gaixotasunaren inguruan kalitateko ezagutza sortuko duena, emaitzen trasnferentzia eta berrikuntza sustatuko dituena, prebentzio, diagnostiko, pronostiko eta tratamendu hobea ekarriko dituena, fase guztietan saiakuntza klinikoak erakarriko dituena eta industria-egitura bioteknologikorako aukera berriak ekarriko dituena. Era berean, laborategia abian jartzean, ikerketa konputazionalaren eta Big Dataren, eredu aurre klinikoen eta saiakuntza klinikoen eremuan arlo estrategikoak sustatu nahi dira.

Laborategia Biocruces Bizkaia institutuaren barruan sartuko da, Bilbo-Basurtuko ESIan, eta BRTAren (Basque Research and Technology Alliance) esparruan; alianza estrategiko horren partaide da CIC bioGUNE. Haren jardueraren bidez, datozen urteotan programen esparruan, besteak beste Ikerbasquen, nazioartean prestigio handikoak diren ikertzaileak erakartzea espero da.

Bilbo-Basurtuko ESIa dela eta

Bilbo-Basurtuko ESIa Osakidetzaren zerbitzu-erakunde bat da; haren misioa da pertsonen osasun-beharrei erantzutea eta haien osasuna sustatzea, modu seguruan, integralean, eraginkortasunez eta kalitatez. Hori guztia, osasun publikoaren ikuspegitik, eta profesional bikainen prestakuntzarekin, ikerketarekin eta ezagutza sortzearekin konprometituta. Bilbo-Basurtuko ESIan eginiko ikerketa Biocruces Bizkaia osasun-ikerketa institutuaren jarduketa-eremuan sartzen da, eta institutu horren bidez antolatzen da.

CIC bioGUNE dela eta

bioGUNE ikerketa-guneak Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean du egoitza. Ikerketa biomedikoko erakundea da, eta abangoardiako ikerketa egiten du egiturazko biologiaren, molekularraren eta zelularraren arteko interfazean; arreta berezia jartzen du gaixotasunaren oinarri molekularrenazterlanean, diagnostikorako eta terapia aurreratuetarako metodo berrien garapenean erabiltzeko. CIC bioGUNE “Severo Ochoa Bikaintasun Zentro” gisa dago aitortuta; hura Espainian bikaintasun-zentroen aintzatespen nagusia da.

BRTA dela eta

BRTA elkarlaneko ikerketako 4 gunek (CIC bioGUNE, CIC nanoGUNE, CIC biomaGUNE eta CIC energiGUNE) eta 12 teknologia-zentrok (Azterlan, Azti, Ceit, Cidetec, Gaiker, Ideko, Ikerlan, Lortek, Neiker, Tecnalia, Tekniker eta Vicometch) eratzen dute; haien helburua Euskadiko enpresa-egiturarako soluzio teknologiko aurreratuak garatzea da.

Eusko Jaurlaritzaren, SPRI taldearen eta hiru lurraldeetako foru-aldundien laguntzarekin, aliantzaren helburua da hura eratzen duten guneen arteko elkarlana sustatzea, ezagutza sortzeko eta enpresei transmititzeko baldintzak sendotzea haiek lehiakorrak izan daitezen laguntzeko– eta Euskadiren gaitasun zientifiko-teknologikoa kanpoan proiektatzea.

BRTAk 3.500 profesionaleko plantilla du, eta Euskadin I+Garen inbertsioaren % 22 gauzatzen du; urtean 300 milioi euro baino gehiagoko fakturazioa erregistratzen du, eta, urtean, Europako eta nazioarteko 100 patente sortzen ditu.

Biocruces Bizkaia osasun-ikerketa institutua dela eta

Biocruces Bizkaia osasun-ikerketa institutua Osakidetzaren Bizkaiko osasun-erakundeen osasun-ikerketa institutua da; nukleoa Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean du. Ibilbide sendoa du irakaskuntzan eta ikerketan, eta helburu ditu, besteak beste: ikerketa biomedikoa, epidemiologikoa, osasun publikokoa eta osasun-zerbitzuetakoa sustatzea; osasungintza-sistemako programa eta politiken oinarritze zientifikoa, eta ikerketa translazionala sustatzea, nazioarteko gomendioei jarraikiz ezagutza zientifikoak praktika klinikora azkarrago eramateko ikerketa dela ulertuta.

BIOCRUCES BIZKAIA honako erakunde hauek eratzen dute: Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila, Osakidetza, BIOEF, UPV/EHU eta BBK FUNDAZIOA. Biocruces Bizkaia Carlos III.a Osasun Institutuak egiaztatutako ikerketa-institutua da; jarduera 7 arlo zientifikoren eta 65 ikertalderen bidez antolatzen du. Talde horietan, 1.313 profesionalek parte hartzen dute. Arlo zientifikoetako bat minbizia da; hartan, Bilbo-Basurtuko ESIko Unda doktorearen ikertaldea sartzen da. Institutuan, minbiziaren arloa oso garatuta dago; 58 ikerketa-proiektu daude aktibo eta 151 saiakuntza kliniko, konpainia bioteknologiko eta farmazeutikoekin eta beste ikergune eta unibertsitate batzuekin elkarlanean.