Eusko Jaurlaritzak hiru proposamen hauek bidali dizkio Nadia Calviñori: mugikortasun berria, trantsizio digitala eta osasun-terapia aurreratuak (Gobernu Bilera 2021-10-19)

0

Iñigo Urkullu lehendakariak Gobernu Kontseiluan azaldu ditu Nadia Calviño lehen presidenteordeak egindako eskaerari erantzuteko bidaliko dituen hiru proiektu estrategikoak. Proiektu horietan, jarduera ekonomikoa eraldatzen eta bultzatzen duten Euskal Autonomia Erkidegoko ekimenak identifikatzen dira. “Basque Mobility”, “Datuaren ekosistema” eta “Basque Advanced Therapies” herrialde-ikuspegiarekin definitutako proiektuak dira, Euskadi Next programan jasotako proiektuak integratzen dituztenak. Bat datoz Euskadiko espezializazio adimenduneko hiru arloekin eta Espainiako Susperraldi Planarekin. Bestalde, Europak finkatutako epeetan betearaz daitezke eta Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiaren eraldatzaileak izango dira.

Hiru proposamen estrategikoen inbertsio osoa 1.854 milioi eurokoa izango da, Europako finantzaketa, Eusko Jaurlaritzaren eta foru-aldundien inbertsio publikoa eta inbertsio pribatua batuta. Ezin da zehaztu zein izango den Europaren finantzaketaren zenbatekoa, Estatuak oraindik ez baititu Europarekin itxi Estatuko laguntzen mugak. Hala ere, aurkeztutako proiektuen I+Gko osagai handiari erreparatuta, egindako inbertsio osoaren % 35eko finantzaketa izan daiteke, gutxi gorabehera.

BASQUE MOBILITY

Euskal industria mugikortasun berri, autonomo, konektatu eta jasangarrian kokatzeko apustu estrategikoa da. Ibilgailuen elektrifikazioa sustatzeko industria-ekosistema bat sortu nahi da, bai baterien sorrera ikertzearen eta garatzearen bidez, bai egokitzapenaren, bilakaeraren eta dibertsifikazioaren bidez. Horretarako, errealitatetik hurbil dauden ingurune irekietan probatu eta baliozkotuko dira. Hartara, produktu eta zerbitzu berrien garapenaren eta hedapenaren artean dagoen tartea murriztuko litzateke. Helburua da mugikortasun-sistema eta -zerbitzu berriak baliozkotzeko funtsezko lurralde bihurtzea Euskadi, eta ibilgailuaren funtzio autonomoek lurraldean dituzten eraginak ebaluatzea, pilotuen eta proben bidez.

Digitalizazioaren eta mugikortasun konektatu, autonomo eta seguruaren ikuspegitik, BasqueCCAM proiektua izango da gainerako ekimenak koordinatu eta bilduko dituen ekimen nagusia. Gainera, lurralde historiko bakoitzak espezializazio osagarri batekin osatuko du proiektua. Araban, laborategiak izango dituen ekosistema bat ezarriko da, hiri-inguruneetan testak egin ahal izateko. Gipuzkoako errepideen foru-sarean, garraio-sistema adimendunen living lab bat jarriko da abian, mugaz haraindiko mugikortasun adimendun, kooperatibo, konektatu eta autonomorako. Bizkaian, lehendik dagoen simulazio-sistema indartuko da, eta, horretarako, benetako gaitasun fisiko batzuk sartuko dira —biki fisiko eta digitaletan oinarrituko den simulazioa egiteko—, 5 G-n oinarritutako konektagarritasun-teknologia zabalduko da, zirkuituaren trazaduran ingurunea sentsorizatuko da —gidatze-datuak hartzeko—, egitura fisikoa zabalduko da —etorkizunean askotariko teknologia berriak eta hedagarriak hartzeko—, eta big data analisirako konputazio-zentro bat jarriko da martxan. Gainera, beharrezkotzat jotzen da trenbide bidezko garraioaren seinaleztapenarekin batera konektatutako eroanbidea garatzea eta sustatzea, eta, hartara, sistema aitzindari bat garatzea seinaleztapen-teknologietan, sistema integraletan, adimen artifizialean, 5G komunikazioetan, elektrifikazioan eta metaketa- eta zibersegurtasun-sistemetan.

Mugikortasun jasangarriaren ikuspegitik, Basquevolt proiektuak koordinatu eta bilduko ditu arlo horretako gainerako proiektuak. Ardatz-proiektu horretan jorratuko da egoera solidoko baterien fabrikazioa, betiere 4.0 industria, digitalizazioa, birziklatzea eta baterien bigarren bizitza bultzatzeko helburuarekin. Azken helburua da litioaz haraindiko teknologiak (hala nola egoera-solidoko bateriak) merkaturatzen dituen Europako lehen gigafaktoria izatea, eta gelaxka horiek zuzkitzea battery pack-en fabrikatzaileei, Espainian kokatutako jatorrizko ekipamenduen fabrikatzaileei eta Europa osoko beste gigafaktoria batzuei. Bestalde, Mubil proiektuak eragile guztien eskura jarriko du teknologiaren arloan punta-puntakoa den energia biltegiratzearen arloko testaketa aurreratuko laborategi bat.

Digitalizazioko eta mugikortasun konektatu, autonomo eta seguruko ardatzaren inbertsio osoa 247 milioi eurokoa da; mugikortasun jasangarriko ardatzarena, berriz, 740 milioi eurokoa. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila da bultzatzailea.

DATUAREN EKOSISTEMA

Proiektu honek Euskadin datuaren ekosistema bat sortzea proposatzen du. Ekosistema hori industriaren sektorera bideratuko da, 2021 eta 2024 artean industria eta zerbitzu aurreratuetako Barne Produktu Gordinaren % 40 gainditzeko helburuarekin. Euskadik dagoeneko zenbait tresna garatu ditu industriaren digitalizazioa sustatzeko, besteak beste: Basque Artificial Intelligence Center, Basque Cybersecurity Centre, ZIUR, konektagarritasun ultralasterra lurralde osoan, Basque Research and Technology Alliance, Basque Digital Innovation Hub eta BIND 4.0. Hori abiapuntu izanik, eta euskal ekonomiaren hazkunde, lehiakortasun eta produktibitate berriak artikulatzeko helburuarekin, aurreikusten da datuaren balio-katearen garapena. Lau maila nagusi ditu:

  1. INDUSTRIARAKO ADIMEN ARTIFIZIALEKO EUROPAKO ZENTROA (165 milioi euro): “Datuaren Ekosistema” proiektuaren elementu nagusi eta bultzatzailea da. Basque Artificial Intelligence Center (BAIC) oinarri hartuta sustatu da, eta lankidetza-espazio publiko eta pribatu gisa sortu da. Helburua da Euskadiko adimen artifizialaren garapenaren buru izatea, enpresen lehiakortasuna eta euskal gizartearen ongizatea hobetze aldera.
  2. DATUAREN SUBIRANOTASUNA (117 milioi euro): azken belaunaldiko Data Center bat garatuko da. Data Center horrek Euskadiko hodeiko zerbitzuen eskaintza nabarmen bultzatuko du eta euskal industria-sareari alternatiba hurbila, fidagarria eta ekonomikoa eskainiko dio, datuen ostatatze segurua ez dadin enpresen digitalizazioa garatzeko oztopo bihurtu, batez ere enpresa txiki eta ertainetarako. Data center horrek kokapen bikaina izango du komunikazioen mapa globalean, Euskaditik sartzen baitira penintsulara Estatu Batuekiko itsaspeko zuzeneko konexio guztiak (Tata, Marea eta Grace Hooper kableak), eta Madril, Bartzelona eta Europako beste nodo handi batzuekin ezin hobeto konektatuta baitago.
  3. INDUSTRIA ZIBERSEGURTASUNA (49 milioi euro): Euskadiko espezializazio-hobi gisa, orain arte Basque Cybersecurity Centre (BCSC) zentroak eta Ziur ekimenak sustatutakoa.
  4. KONPUTAZIO KUANTIKOA (74 milioi euro): prestazio handiko konputazioa (HPC) eta teknologia kuantikoak planteatzen ditu erronka zientifiko, teknologiko eta industrialak ebazteko bide gisa, Euskal Autonomia Erkidegoko zientzian eta industrian inpaktu handia eragiteko potentziala baitute. Basque Excellence Research Center zentroek talentua erakartzeko egindako ahalegin koordinatuari esker, eta teknologia kuantikoen arloko ildo esperimentalen aldeko apustu estrategikoei esker, potentzial handiko panorama sortzen ari da eta Euskadi oso posizio lehiakorrean jar dezakete.

Bigarren proiektu horren guztizko inbertsioa 405 milioi eurokoa da. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak sustatu du, baina Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuek ere parte hartzen dute.

BASQUE ADVANCED THERAPIES (BAT)

Euskadi Next programak terapia aurreratuen erronkari aurre egiten dioten lau proiektu estrategiko ditu:

  1. Euskal Autonomia Erkidegoan terapia aurreratuen garapena eta inplementazioa bizkortzea, genetikako eta biomedikuntzako laborategiaren azpiegiturak handitzeko eta, hartara, farmazia-ingurune arautu batean terapia pertsonalizatuetan egindako garapen berriei erantzuteko.
  2. Osasunberri: COVID-19aren pandemia eta etorkizuneko pandemiak kudeatzeko diagnostiko-soluzioak eta terapiak bilatzen dituen proiektu integrala. Lau lan-ildo garatzen ditu eta, horien artean nabarmentzen dira D bitaminaren defizitaren aurkako terapiak, COVID-19ko pazienteentzako terapia immunomodulatzailea eta COVID-19ko pazienteentzako terapia zelularra.
  3. Arabako nodo farmazeutikoaren lau ildo nagusien artean daude genetikaren eta genomika funtzionalaren barruko terapia pertsonalizatuak.
  4. Gipuzkoa Advanced New Therapies Territory, terapia aurreratuak garatzen dituena —horien artean nabarmentzen dira industria-orientazioko terapia genikoa, zelularra edo tisularra—.

Basque Advanced Therapies (BAT) erakundeak balio-proposamen batean barnean hartzen ditu lau proiektu horietako terapia aurreratuen lan-ildoak, eta horien arteko sinergiak eta osagarritasunak bilatzen ditu, Euskadi osasun-sisteman punta-puntako erreferentzia bihur dadin. Terapia horiek bestelako industria behar dute, ohiko farmazia-kateaz bestelako balio-katea izango duena, eta arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza sendoa izango duena.Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak sustatu du BAT erakundea. Erakunde horrek euskal osasun-sistemaren balio-kate osoa mobilizatzen du: 4 enpresa-talde handi, 18 enpresa txiki eta ertain, 6 ikerketa- eta teknologia-zentro, 6 osasun-erakunde asistentzial, 3 osasun-ikerketako institutu eta 2 elkarte sektorial. Gainera, nabarmentzekoa da beste autonomia-erkidego batzuekin, hala nola Nafarroako Foru Komunitatearekin, eta foru-aldundiekin elkarlanean aritzen dela. BAT erakundearen inbertsio osoa 462 milioi eurotan balioztatu da.

Euskadi Next programan biltzen diren gainerako proiektuek Europako baliabideak lortzeko aukera izango dute, orain arte bezala, Espainiako Gobernuak gaitutako bideetatik: PERTE proiektuak eta laguntzen eta deialdien programak. Urriaren 27an, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburua Eusko Legebiltzarrean izango da, agerraldi-eskaera egin ondoren. Agerraldi horretan, Euskadi Next programaren egoeraren berri emango die talde politikoei, baita Estatuak orain arte egin eta Eusko Jaurlaritzak ezagutzen dituen Europako funtsei buruzko planteamenduen berri ere.