4.292 establezimendu atxiki dira «Euskadi Bono Denda» edizio berrira

0
PRUEBA

Aurrekoarekin alderatuta 2.088 saltoki berri daude deialdi honetan, eta hiriko merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzu berriak sartu dira berrikuntza gisa.

Aste honetan amaitu da  “Euskadi Bono Denda”  edizioaren bigarren deialdian parte hartuko duten saltokien atxikitze-aldia. Deialdi honetan 4.292 establezimenduk egin dute bat ekimenarekin, eta horietatik 2.088 lehenengo aldiz sartu dira ekimen honetan. Lurraldeka, 514 negozio batu dira Araban, 2.091 Bizkaian eta 1.687 Gipuzkoan.

Bonuekin 10 euroko deskontuak lortzen dira 30 eurotik gorako erosketetarako, eta horrek erosketetan % 30 baino gehiagoko deskontua dakar. Truke-sistema aurrekoaren antzekoa da, hau da, establezimenduan bertan egiten da, aurrez eskuratu beharrik gabe. Hainbat berrikuntza ere baditu: lehenik eta behin, pertsona bakoitzak 5 bonu erabili ahal izango ditu gehienez, eta ez 4. Bigarrenik, bonuak erabiltzeko adina jaitsi egiten da, 18 urtetik 16 urtera.

Hirugarren berrikuntzak zuzenean eragiten dio hura erabili ahal izango duten establezimenduen tipologiari. Saltokiez gain, hiriko merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzuak sartu dira, hala nola ile-apaindegiak eta edertasun-institutuak; garbitegiak, tindategiak eta antzeko zerbitzuak; argazkilaritza-zerbitzuak; fotokopia-zerbitzuak; markogintza-zerbitzuak eta hainbat eratako konponketa-establezimenduak.

Horrela, irudi pertsonalaren sektoreko 660 establezimenduk bat egin dute (ile-apaindegiak eta edergintza- eta estetika-zentroak), argazkilaritzarekin lotutako 38 negozio, kirol-jarduerekin lotutako 130 establezimendu, 145 bitxitegi eta erlojugintza establezimendu, eta elektronika, informatika eta bideojokoetako 175 establezimendu. Negozioen ehunekorik handiena, ordea, modarekin eta ekipamendu pertsonalarekin lotutako establezimenduek osatzen dute; guztira 1.998 establezimendu dira, guztizkoaren % 43.

Beste berritasun bat da bi epealdi ezartzen direla deskontu-bonuak trukatzeko, Gabonetako erosketa-aldiarekin bat ez egiteko; izan ere, egun horietan kontsumoak badu berez nahikoa indar, eta erosketa gutxiago egiten direnean saltokiei laguntzea litzateke helburua.

Horregatik, lehenengo epealdia urriaren 27an hasiko da, saltokiek bat egiteko 3 asteko epearen ondoren, eta 2021eko abenduaren 5ean amaituko da. Bigarren epealdia 2022ko urtarrilaren 10ean hasi eta 2022ko martxoaren 31n amaituko da.

www.euskadibonodenda.eus