Euskadiko 23 elikagai- eta edari-enpresak beren produktuak ikusgai izango dituzte pandemiaren ondoren egingo den lehen Gourmets azokan

0

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, HAZIrekin lankidetzan, 23 euskal enpresa ekoizlek taldean Gourmets azokako 34. edizioan parte hartzea sustatu du. Ekitaldi hori kalitatezko elikagaien eta edarien Europako nazioarteko azoka handiena da, eta Madrilen egiten ari dira urriaren 21era arte.

Gourmets azoka lehenengoz egin da, iazkoa bertan behera geratu odnoren, pandemia tarteko. Hori dela eta, positiboki baloratu da edizio honetan Euskadi Basque Country markaren babesean parte hartu nahi izan duten euskal enpresen kopurua.

Eusko Jaurlaritzaren xedea da Euskadiko elikagaien eta edarien industria nazioartekotzea, joeren erakusleihoak baliatuta, hala nola Gourmets azoka. Erakundeek sektorea babestearen erakusgarri, gaur goizean, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Oroz eta HAZIko zuzendari Peli Manterola Madrilen izan dira, azokan parte hartzen ari diren enpresak bisitatzeko.

Edizio honetan, enpresa hauek ari dira parte hartzen Euskadi Basque Country markaren standean:

  • Sal de Añana
  • Ameztoi
  • Bacalaos Alkorta
  • Casa Eceiza
  • Agour Berri
  • Txakoli Agerre
  • Conservas Serrats
  • Hamburguesas Eizaguirre
  • Gelati !! Gelati !!
  • Casa Brigitte SL
  • Bacalaos Ederpesca
  • Conservas Olasagasti
  • Luis Thate
  • Patatas Sarriegui
  • Conservas Campos
  • Rafa Gorrotxategi 1680 SL
  • Zubia
  • Artomaña
  • Bello Berganzo
  • Bodega Berroja
  • Blai & Blai
  • Gil Berzal
  • Hermanos Frías Del Val

Gourmets azokari buruz

Gourmets azoka munduko erreferente ospetsuenetako bat da elikagaien eta edarien industriarako. Nazioarteko profesionalen topagune nagusia da. Bertan, produktu tradizional bikainak zein joera berriak aurki daitezke, eta gastronomiako profesionalentzat da soilik: jatetxeak, ostalaritza, banaketa, cateringa eta saltoki espezializatuak.

2021eko azokan, 70.000 bisitari profesional izatea espero da, baita 1.500 enpresa gastronomiko ere, 37.000 produktu eta 1.300 berritasunekin.

Euskadiko elikagaiak eta edariak sustatzen jarraitzen da

Gourmets azoka izan da Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren eskutik euskal elikadura-enpresek udazken honetan parte hartu duten azken azoka. Guztira, 44 euskal enpresak parte hartu dute Euskadi Basque Country markapean azoka horietakoren batean.

Dagoeneko baieztatu da euskal elikadura-industria sektorerako hainbat hitzordu komertzial garrantzitsutan izango dela 2022an: Wine París & Vinexpo, Fenavin, ProWine Asia Singapur, ProWein eta Alimentaria. Gainera, Euskadiko Elikagaien Industriaren 2022ko Sustapen Planak programatutako ekintza guztiak jasotzen ditu, euskal enpresei nazioartekotzen laguntzeko, haien produktuak sustatzeko eta merkatu berrietan duten presentzia areagotzeko.