Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak bost eraikin berri eraikitzea eta dauden hiru eraikin handitzea aurreikusi du 2021-2024 Plan Estrategikoaren barruan

0

e2021eko urriaren 20an. Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak 2021-2024 Plan Estrategikoa aurkeztu du gaur, Zamudioko Campuseko eraikin nagusiaren auditorio berrituan egindako ekitaldian. Bertan izan dira Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua, Estíbaliz Hernáez EPTSko presidentea eta Itziar Epalza EPTSko zuzendaria. Planaren ildo nagusien artean, honako hauek nabarmentzen dira: hazkundearen aldeko apustua, milioi bat metro karratuko lursailaren bidez; 126 milioi euroko inbertsio globala, eta eraikin berriak eraikitzea.

Plana 3 ardatz nagusik osatzen dute: modu ordenatuan haztea, ekosistema jasangarriagoak eta eraginkorragoak indartuz; Euskadiko eta campusetan instalatutako enpresen eta pertsonen hazkunde teknologikoari era aktiboan laguntzea; eta ekosistema zientifiko teknologikoetan eragitea, zerbitzu bereizgarrien eta Parke markaren zerbitzuen bidez.

Horretarako, Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak 8 ildo estrategiko aurreikusten ditu: Hedapen geografikoa eta espezializazioa, Negozioaren hedapena, Azpiegitura Smart eta jasangarria, Gizarteari Ekarpena, Aliantzen Sarea, Sareko antolamendu-eredua, Zerbitzu bereizgarriak eta Parke marka.

8 ildo estrategiko horiek 18 ekimenekin eta 60 ekintza zehatzekin lotuta egongo dira, eta horien artean zerbitzuen katalogo berri bat abiaraztea nabarmenduko da. BEParke markaren pean, ekimen honek EPTSk eskaintzen dituen aukera guztiez gozatzeko aukera emango die enpresei eta profesionalei: Networkin-a, K-business bidez; talentuaren erakarpena eta fidelizazioa, K-talent bidez; merkatuetarako sarbidea, K-impulse bidez; eta egokitzapen teknologikoa, K-future bidez. EPTSko campusetan lan egiten duten pertsonen kasuan, Plan berriak ongizate-zerbitzuak (kirolarekin, kontziliazioarekin, barne-mugikortasunarekin erlazionatutakoak) eta zerbitzu orokorrak (garraio publikoa, ostalaritza) martxan jartzea aurreikusten du.

Eusko Jaurlaritzak sustatutako hiru RIS3 sektoreen (Osasun pertsonalizatua, Energia garbiagoak eta Industria Adimenduna) eta bi erreferentzia-eremu handiren (“Smart Mobility” eta Elikadura Osasungarria) inguruan ezarri dira Sarearen jarduketa-ildo nagusiak. EPTSk zuzenean eragiten die Garapen Jasangarriko 17 helburuetatik 14ri, eta horrek argi eta garbi erakusten du Sareak Euskadin erreferentziazko eragile sozial gisa duen garrantzia.

EPTSren bilakaerari dagokionez, 2017-2020 aldiko datuek joera positiboa erakusten dute, instalatutako enpresak etengabe hazi direlako eta lanean ari diren pertsonak gero eta gehiago direlako. Gaur emandako datuen arabera, 580 enpresa teknologiko eta ia 20.000 langile daude (horien artean 1.603 doktoreak dira, % 53k goi-mailako tituluak dituzte eta % 32 I+Gn ari dira lanean). 2020an 554 milioi euroko gastua bideratu zuen I+Gra eta 5.361 milioi euroko fakturaziora iritsi zen.

Arabako Parke Teknologikoa

Miñaoko Campusean aurreikusitakoa izango da jarduketa garrantzitsuena hedapen geografikoari dagokionez: 740.000 m2-ko handitzea eta 10,2 milioi euroko inbertsioa aurreikusten dira. Negozioaren hedapenak fakturazioa 5 milioi euroraino haztea ahalbidetuko du.

Azken 4 urteetako bilakaerari dagokionez, APTn instalatutako enpresen kopurua 2017an 137 izatetik 2020an 145 izatera igaro da.

Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoa

Bizkaiko Lurralde Historikoan, EPTSk 200.000 m2-ko azalera-handitzeari ekiteko asmoa du, campusetan banatuta. Aurreikusitako inbertsioa 85 milioi eurokoa da, eta 25.000 m2-ko ekarpena egingo duten 3 eraikin berri eraikitzea aurreikusten da. Negozioaren hedapenak fakturazioa 65 milioi euroraino haztea ahalbidetuko du.

Aldi horretan, Derio/Zamudioko eta Leioako campusei Ezkerraldea-Meatzaldea Campusa –Abanto-Zierbenan– gehituko zaie.

Legegintzaldi honetan, era berean, integrazio- eta kudeaketa-eredu baten inguruan eta Zorrotzaurren dauden azpiegituren aldetiko beharrak berrikusten lan egingo da.

Aurreko Plan Estrategikoaren indarraldian erregistratutako negozio-datuen arabera, 2017an 255 enpresa izatetik 2020an 276 izatera igaro da BPZT.

Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoa

Egoitzak Miramonen eta Hernani-Galarretan dituen Gipuzkoako PZT 40.000 m2 handituko da 2024ra arte. Bestalde, Hondarribiko campusaren proiektuaren bideragarritasuna aztertzeko proiektu egokiekin hasiko da. Era berean, eskaintzari 20.000 m2-ko ekarpena egingo dioten bi eraikin berri eraikitzea aurreikusten da.

Aurreikusitako inbertsioa 30,9 milioi eurokoa izango da, eta negozioaren hedapenak 24 milioi eurorainoko hazkundea ahalbidetuko duela aurreikusten da. Enpresa kopuruari dagokionez, 2017an 138 izatetik 2020an 159 izatera igaro da GPZT.