Eusko Jaurlaritzak eta EUDELek lankidetzan dihardute Euskadiko 2030 Agenda tokiko ekintzaren bidez gauzatzeko

0
  • Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritzak udalen rol aktiboa indartu du, garapen jasangarriaren barruko euskal erakundeen arteko aliantzaren barruan

Lehendakaritzako Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritzak esparru-akordio bat sinatu du EUDELekin, euskal udalek Euskadiko 2030 Agendari ekarpena egitea bermatzeko. Maila anitzeko gobernantza eta tartean diren eragile guztien elkarlana abiapuntutzat hartuta heldu behar zaio erronka global horri.

Akordioak udalen lankidetza bideratzen du EUDELen bitartez, eta Agenda Euskadin ezartzeko prozesuan tokiko gobernuek duten koordinazio- eta partaidetza-mekanismoak jartzen ditu. Helburua udalen rol aktiboa ikusarazi eta sendotzea da. 2030 Agendako Lehentasunen Euskal Programa indartzen dute udalek, udalerrietan sustatutako proiektuak gehituz, eta erakundeen arteko lankidetzaren bitartez.

Horretarako, oinarria udalerrietan duten proiektuen multzo bat proposatuko du EUDELek. Proiektu horiek, Agendarekiko tokiko konpromisoa ez ezik, agerian utziko dituzte Garapen Jasangarriko Helburuen alde lanean ari diren euskal udalen ibilbidea eta esperientzia ere. ‘Euskal Udalerriek Euskadiko 2030 Agendari egindako Ekarpena’ behin betiko dokumentua alkate guztiei erakutsiko zaie EUDELen Batzar Orokorrean, azaroaren 11n.

Era berean, Gizarte Trantsizioko eta 2030 Agendako Eragile Anitzeko Foroan EUDELek izandako parte-hartzea jaso da. Organo hori 166/2021 Dekretuaren bidez eratu eta arautu da, maila anitzeko gobernantza-mekanismoa izan dadin eta GJHak sustatzen diharduten erakunde eta entitate guztien arteko bateratze operatiboa ahalbidetu dezan.

Akordioan aurreikusita dago Jarraipen Batzorde bat sortzea, erakunde bakoitzaren bi ordezkarik osatua, eta planifikazio-, jarraipen-, interpretazio- eta ebazpen-funtzioekin.

Hitzarmena bi urtez egongo da indarrean, eta denbora hori gehienez lau urtera arte luza daiteke, ezarritako helburuak bete arte. 

Euskal udalerrien ekarpena

EUDELen Batzorde Eragileak eta Eusko Jaurlaritzako Kontseiluak onetsi dute akordioa. Aldi berean, Euskadiko Udalen Elkartea lankidetza-prozesu bat gauzatzen ari da udal-sareekin, Euskadiko 2030 Agendari gehituko zaizkion proiektuen zerrenda osatzeko.

Euskadiko Udalen Elkarteak aztertu ditu dagoeneko sareotan martxan dauden ekimenak, Agendaren helburuei hoberen egokitzen zaizkienak aukeratzeko. Hain zuzen ere, jasangarritasunaren eta gizarte-kohesioaren esparruko proiektu erakarleak behar dira; besteak beste, gizarteratzearen, berdintasunaren, enpleguaren eta tokiko garaipen ekonomikoaren, ingurumenaren, lankidetzaren eta gobernantza onaren alorretakoak.

Konpromisoak

Esparru-akordioa oinarri hartuta, EUDELek eta Eusko Jaurlaritzak adierazten dute konpromisoa dutela elkarrekin lan egiteko, helburu hauek lortzeko:

  1. Koordinazioaren eta lankidetzazko gobernantzaren alde egitea, Euskadiko 2030 Agendaren testuinguruan, nazioarteko konpromisoaren ondorioz sortutako garapen jasangarriko helburuak (GJH) tokiko ekintzaren adibide praktikoetan gauzatu daitezen Euskadin.
  1. Maila anitzeko gobernantzako guneak eta mekanismoak sustatzea proiektu honetan, erakundeen arteko lankidetza eta kooperazio eraginkorra errazteko, Euskadiko 2030 Agendaren ezaugarri gisa.
  1. Babesa eta laguntza ematea, prozesu osoan zehar Euskadiko udalen presentzia aktibo, koordinatua eta adierazgarria antolatzeko.
  1. GJHak lortzeko, tokiko eremuak duen funtsezko rola ikusaraztea, eta Euskadiko 2030 Agendaren printzipioak politika publiko guztietan zehar-lerro bilaka daitezela sustatzea.
  1. Tokiko ekintzak zehazten laguntzea, eta bermatzea Euskadiko udalak Eragile Anitzeko Foroan egongo direla, baita Foroko Lantaldeetan eta Idazkaritzaren iritziz beharrezkoak diren beste arloetan ere.
  1. Aliantzak sustatzea beste erakunde, organismo publiko eta eragile batzuekin, zeinak, Euskadiko udalekin egindako lanaren erakusgarri diren heinean, tokiko gobernuak EUDELen bitartez koordinatzen eta ordezkatzen lagundu dezaketen.
  1. Akordio honetan azaldutako elkarlana zabaltzea, bata bestearekiko lankidetzan.