Josu Erkorekak garrantzitsutzat jo du ETAren atentatuak argitzea memoria eraikitzeko

0

Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburu Josu Erkorekari elkarrizketa egin diote, gaur goizean, Onda Cero irratiko “Más De Uno Euskadi” saioan. Bertan, ETAren atentatuak argitzeak memoria eraikitzeko duen garrantzia adierazi du. Erkorekak aitortu du zenbat eta denbora gehiago igaro, orduan eta zailagoa dela ETAren atentatuak argitzea, eta atentatuak argitzea garrantzitsua dela memoriaren eraikuntzan.

Onda Cero irratian eskainitako elkarrizketan, ETAk jarduera terrorista utzi zueneko hamargarren urteurrenean, lehendakariordeak une hura nola bizi izan zuen gogoratu du, “mundu guztiak modu batera edo bestera ospatu zuen  itxaroten ari ginen eta azkenean iritsi zen albiste hori”. Erkorekaren arabera, behin betiko urratsa izan zen, eta agertoki berri bat ireki zuen – mehatxurik gabe, indarkeriarik gabe, presiorik gabe – guztientzat.

Josu Erkoreka sailburuak azpimarratu du asko aurreratu dela giza eskubideen urraketen biktima guztien oroimen, memoria eta aitorpen sozial, politiko, instituzional eta judizialean. “10 urte geroago, bakea sendotuta ikusten dut. Denok gaude pertsonalki baldintzatuta, baina uste dut ETAren presio eta mehatxu eza aurrerapauso garrantzitsua izan direla Euskadiko bizikidetzarako”, esan du. Hala, gaurko egunaren garrantzia azpimarratu duen arren, garrantzitsuena bihartik aurrera hasiko dela adierazi du: Legebiltzarreko eztabaidetan izango den jarrera, indarkeriaren aurkako adierazpen argiak, biktimei babesa ematea, ongi etorriak egin ala ez, etab.