Artolazabalek “populismo xenofoboaren” mehatxu gero eta handiagoaren aurka indarrak batuko dituen diskurtso “etiko, solidario eta demokratikoa” defendatzen du

0

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak parte hartu du gaur goizean Bilboko Bizkaia Aretoan gaur eta bihar egingo diren Euskal Herriko Inmigrazio eta Integrazioari buruzko XI jardunaldietan. Hitzaldian, Europa barneko eremu komun batean aurrera egiten duten proiektu eta esperientziekin ikasteko beharraz hausnartu du sailburuak. Eta ikasketa horiek finkatzearen alde egin du, jarrera partekatua eraikitzeko.

“Jarrera horrek, izaera pragmatikoaz gain, gure proposamenak hobetzen ditu, eta diskurtso etiko, solidario eta demokratiko bat finkatzen du, populismo xenofoboaren mehatxu gero eta handiagoari aurre egiteko”, nabarmendu du.

Errefuxiatuen Harrera Euskadin: Erronkak eta erantzunak dira jardunaldi hauen ardatz nagusia. Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) antolatu dituzte, eta Ikuspegi eta Biltzenen zuzendaritza teknikoa dute.

150 pertsona baino gehiago ari dira gaur goizetik programa osoa duten jardunaldien jarraipena egiten. Hainbat hitzaldi eta mahai-inguruak tartekatu dira. Migrazioan adituak diren pertsonek parte hartu dute han.

Formatu hibridoan antolatu dira jardunaldiak, eta parte-hartze batzuk presentzialak eta beste batzuk online izango dira. Bizkaira joatea edo Internet bidez esku hartzea ere erabaki dute ikusleek.

Artolazabal sailburuarekin batera, jardunaldien irekieran Gorka Moreno Bizkaiko Campuseko errektoreordeak hartu du parte; ongietorria, berriz, Javier Pérez Biltzen Biltzeneko zuzendariak eta Beatriz Otero Ikuspegiko ikertzaileak egin dute.

Aurreikusitako programaren arabera, biharko lanaldiaren amaiera Xabier Legarretak, Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariak, egingo du; (Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Sailaren mendeko zuzendaritza).

Hain zuzen ere, sailburuak bere hitzaldiaren hasieran gogorarazi du Legarretaren zuzendaritza jaio dela nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonak hartzeko eta gizarteratzeko beharrezkoak diren jarduketa-programak eta erantzunak koordinatzeko.

“Eusko Jaurlaritzak immigrazioaren arloan dituen politika guztien oinarrian bat dator erantzukizun hori, eta printzipio horretan oinarritzen da. Jaso nahi genukeena eskaintzean oinarritzen den printzipioa” gaineratu du. Sailaren kanpainaren leloa ere aipatu du.

Beatriz Artolazabalek defendatu du “Euskadik zenbait ekimen garatzen dituela, gure lanari izaera aitzindaria ematen diotenak estatu mailan”. Ildo horretan, Babes Komunitarioko eta Gizarte Aholkularitzako programak aipatu ditu berrikuntzaren adibide gisa.

Azkenik, eta bukatu aurretik, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak baloratu nahi izan du Espainiako Gobernuak Atzerritartasunari buruzko Erregelamendua aldatzeko hartu duen erabakia. Artolazabalek balioa eman die Migrazio eta Asilo eta Familia eta Haurtzaro zuzendaritzek dokumentuari egindako ekarpenei, eta kritikatu egin du Sánchezen taldeak erabakiak hartzeko atzerapena.

“Kostatu egin da, baina itxaronaldiak merezi izan du. Uda honetan esan genuen, testua egokia iruditzen zitzaigula eta ziur geundela aldaketa beharrezkoa bezain premiazkoa zela”, esan du Artolazabal sailburuak. Halaber, adierazi du “orain ehunka gaztek itxaropenerako atea ireki ahal izango dute, gizarte-bazterkeriatik urrunduz eta lan-mundura gehiago hurbilduz”.