Marian Olabarrieta, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuetako zuzendaria, Bilboko Carlton hotelean izan da gaur, Bizkaiko SECOT erakundearen XXX. urteurrenaren ospakizunetan, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Bilboko Udaleko ordezkariekin, Bizkaiko SECOTeko presidentearekin eta Rafael Bengoa osasun publikoan aditu ezagunarekin batera.
Gizarte Zerbitzuetako zuzendariak zoriondu egin du erakundea, eta eskertu egin du SECOTek pertsonekin eta lurraldearekin duen konpromisoa. Bizi-esperientzia gehien duten pertsonei zuzendutako euskal estrategiaren hiru zutabeak ekarri ditu gogora: Beti On, Euskadi Lagunkoia eta, batez ere, Nagusi. Esperientzia handiko pertsonak inplikatzeko eta ahalduntzeko interesatzen zaizkien eta eragiten dieten politikak zehazteko tresna da Nagusi Agenda. «Hor nahi zaituztegu, esperientzia eta ideiak emanez», adierazi du Olabarrietak.
Euskal biztanleria 2.200.000 pertsonara iristen da gaur egun; horietatik ia milioi erdik 65 urte bete dituzte; 280.000 emakumeak dira eta 200.000, gutxi gorabehera, gizonak. Olabarrietak Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren azken hitz batzuk ekarri ditu gogora: «Botere publikook modu aktiboan hartzen dugu konpromisoa populazio-talde horrek arreta, kudeaketa eta plangintza politiko eta sozialaren xede izateko».