Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok, Portugaleteko alkate Mikel Torresekin eta Herritarren segurtasun, sustapen ekonomiko, enplegu, merkataritza eta turismoko zinegotzi Txema Ezkerrarekin batera, Euskadi Bono Denda ekimenaren edizio berria aurkeztu du. Ondoren Erandiora hurbildu da, programarekin ere bat egin duen udalerrira, bertako alkate Aitziber Olibanekin batera atxikitako saltoki batzuk bisitatzera.
Udalek Euskadi Bono Dendaren edizio berri honekin bat egitearen garrantzia azpimarratu du sailburuak, “beren udalerrietan bonu berriak gehitzea lortu baitute. Aste honetan amaitu da saltokiak atxikitzeko epea, eta ia 4.500 establezimendu dira orain. Emaitzazko kopuru horrekin udalerri guztien artean bonuak portzentualki banatzeari ekingo zaio, eta atxikitako herri bakoitzak ematen dituen bonuen kopurua gehituko du”.
Oraingo kalkuluen arabera, behin betiko kopururik ezean, Euskadiko establezimendu atxiki bakoitzak 100 deskontu-bonu baino gehiago izango ditu. Horrek esan nahi du Portugaletek 8.900 bonu esleituta bazituen bere 89 establezimenduetarako, 3.000 bonu gehiago gehituko zaizkiola bere ekarpenagatik, guztira 12.000 bonu gutxi gorabehera. Erandioren kasuan, atxikitako 66 saltokiek 2.100 bonuko ekarpen gehigarria izango dute, 8.700 deskontu-bonura iritsi arte.
“Helburua da ahalik eta saltoki gehienek ahalik eta deskontu-bonu gehien izatea, tokiko kontsumoa eta hiri-ekonomia suspertzeko helburuz”, adierazi du sailburuak.
Bonuen aurrekontua 5,1 milioi eurokoa da; 4,7 milioi euro Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak jarri ditu Euskadi osorako, eta milioi erdi gehiago orain arte atxikitako udaletarako, beren udalerriak indartzeko.
Bonuak 10 euroko deskontuetan oinarritzen dira 30 eurotik gorako erosketetarako; beraz, % 30etik gorako deskontua izango dute. Truke-sistema aurrekoaren antzekoa da, baina berritasun batzuk ditu. Lehena, pertsona bakoitzak 5 bonu erabili ahal izango ditu 4 erabili beharrean. Bigarrena, erabili ahal izateko adina 18 urtetik 16 urtera jaisten da.
Hirugarren berritasunak eragin zuzena du erabili ahal izango duten establezimenduen tipologian. Saltokiez gain, hiriko merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzuak gehitu dira, besteak beste, ile-apaindegiak eta edertasun-institutuak; garbitegiak, tindategiak eta antzeko zerbitzuak; argazki-zerbitzuak; fotokopia-zerbitzuak; markoztatze-zerbitzuak eta mota desberdinetako konponketa-establezimenduak.
Beste berritasun bat hau da, deskontu-bonuak trukatzeko bi aldi ezartzen dira, Gabonetako erosketekin bat ez etortzeko. Lehenengo aldia 2021eko urriaren 27an hasi eta abenduaren 5ean amaituko da. Bigarren aldia 2022ko urtarrilaren 10ean hasi eta 2022ko martxoaren 31n amaituko da.
Amaitzeko, sailburuak zehaztu duenez, bonuen xedea hau da: “kontsumo arduratsua sustatzea eta kontsumitzaile sentsibilizatu bat lortzea, tokiko merkataritzari berriro zuzenduko diona begirada, eta jasangarritasunari eta gure ekonomiaren bultzadari lehentasuna emango diena”.