Gaur sinatu dute Muskizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak aktibo turistikoak sustatzeko eta balioztatzeko hitzarmena. Hitzarmena Lehentasunez Jarduteko Eremuetako (LJE) aktibo turistikoen planaren barruan sartzen da. Plan hori Eusko Jaurlaritzaren Berpiztu programaren 6,5 milioiko aparteko ekarpenarekin gauzatuko da.
Muskizen, 400.000 euro bideratuko dira Itsaslur Bide Berdea egokitzera eta hobetzera. Bide honek elkartu egiten ditu itsasertzeko naturatik paseatzeko berezkoa duen erakargarritasuna eta inguruko industria-ondarearen baliabideak, bertako zamalekuak, besteren artean.
Sailburuak gogorarazi duenez, “Sailetik industria-memoriaren aldeko apustu hori babestu nahi dugu, baita bide berdeekin duen lotura eta horiek zaintzeko udalerriek egiten duten lana ere. Bide berdeak berreskuratzeak, bultzatzeak eta sustatzeak garrantzi handia du Euskadiko turismo-jasangarritasunaren estrategiaren barruan. Bide berdeak irisgarritasunaren, mugikortasun jasangarriaren eta gure industria-memoriaren berreskurapenaren adibide dira, baita beren inguruan zerbitzuak eta enpresak sortzeko aukera bat ere”.