IVAPek eta Europako Batzordeko Itzulpen Zuzendaritza Nagusiak itzulpenen kalitatea hobetzeko esperientziak partekatu dituzte

0

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko (IVAP) zuzendari nagusi Egoitz Laburu Europako Batzordeko Itzulpen Zuzendaritza Nagusiko espainierazko saileko itzultzailea den Leire Segurarekin bildu da gaur Lakuan, Europar Batasuneko erakundeetako itzulpenen kalitateari buruzko metodoak eta ezagutza-eremuak bi erakundeen artean partekatzeko. Topaketari esker, iritziak eta esperientziak trukatu ahal izan dira, itzulpen zerbitzu ofizialetako testuak hobetzeko.

Leire Segurak Europako Batzordearen Luxenburgoko egoitzan lan egiten du itzultzaile gisa, eta egunotan Euskadira egin du bisita, IVAPeko arlo horretako arduradunekin hiru egunez lan bilerak egiteko eta eguneroko lan metodoa eta itzulpenen kalitatea bermatzeko erabiltzen dituzten tresnak eta baliabideak aurkezteko.

Bileran, Egoitz Laburuk eskerrak eman dizkio Europako Batzordeko itzultzaileari, IVAPen lanean interesa agertu duelako. “Bilera honek IVAPek itzulpen ofizialen arloan egiten duen lana aintzatesten du. Ziur nago partekatu ditugun informazioa eta hausnarketak oso aberasgarriak izango direla bi aldeentzat”, adierazi du Laburuk.

Datozen egunetan, Segurak bere ekarpenak luzatuko dizkio IVAPi, Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari atxikitako erakunde autonomoko hainbat arduradun eta langilerekin egingo dituen bileretan. Gaur arratsaldean, Manu Arrasate Itzulpen Zerbitzu Ofizialeko (IZO) arduradunarekin bildu da. Bertan, Segurak eguneroko lan metodoa eta Europako erakundeetan itzulpenak egiteko erabiltzen dituzten tresnak azaldu ditu. Bestalde, Arrasatek IVAPeko itzulpen zerbitzuaren nondik norakoak azaldu dizkio, eta IZOk eskaintzen dituen itzulpen zerbitzuen eta lan egiteko erabiltzen dituen itzulpen tresnen berri eman dio.

Seguraren agendak jarraipena izango du bihar IVAPen, hizkuntza teknologiei eta terminologia lanari buruzko aurkezpen batekin. Bestalde, Mertxe Olaizola IVAPeko terminologia arloko arduradunak eta Araceli Diaz de Lezana Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako hizkuntza plangintzako arduradunak euskarazko terminologia lanaz hitz egingo dute. Asteazkenean, Diaz de Lezanak berak eta Leire Segurak hizkuntza teknologien ekintza-planei buruzko esperientziak trukatuko dituzte, eta, horrenbestez, amaitutzat emango da IVAPera egingo duten bisita.