2022ko Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren proiektuak 13.108 milioi euro hartzen ditu

0

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du 2022ko Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren Proiektua, 13.107,8 milioi eurokoa. Aurrekontu operatiboa — politika publikoetako gasturako eskuragarri, amortizazioak, Euskal Y-a eta Hegoaldeko Saihesbidea kenduta (gastu erreala)— 694 milioi eurotan gehituko da, hau da, iaz baino % 6 gehiago. Zenbateko horrek azalpen zabalagoa eskatzen du, kontuan hartu behar baita 2021eko aurrekontuan sartutako Covid Funtsaren 543 milioi euroak barnean hartu direla. Hartara, 2022an, Covid Programa 349 milioi eurokoa izango da (Hezkuntzan eta Osasunean % 100 mantenduko da), eta 194 milioi euro jarriko dira sailen gastu-ahalmena handitzeko. Horrenbestez, politika publikoetarako igoera 888 milioi eurokoa izango da (2021ean baino % 7,6 gehiago). Aurrekontu honen erronka Euskal Autonomia Erkidegoaren susperraldi ekonomikoa izango da, inbertsio publikoaren ildotik. Hala, 2022an, Eusko Jaurlaritzak 1.605 miloi euroko inbertsioa aurreikusten du, hau da, 2021. urtean baino % 50 gehiago. Zenbateko horretatik, 165 milioi euro jarriko dira Foru-Aldundiekin batera egingo den erakunde arteko inbertsio-plan baterako. “Inbertsio publikoa da 2022ko aurrekontuaren ezaugarri nagusia”, aditzera eman du Azpiazu sailburuak.

Datozen urteetarako Euskal Autonomia Erkidegoko apustu handiak bultzatuko dira, eta erabakitasunez eta bermez ekingo zaie hiru trantsizio nagusiei: trantsizio teknologiko eta digitalari, trantsizio energetiko eta klimatikoari eta trantsizio sozial eta sanitarioari. Eusko Jaurlaritzak aurre egin behar die Covid-19ak eragindako krisialdiari eta krisialdi horren ondorio ekonomiko eta sozialei, baita gobernu-ekintzaren helburu nagusiei ere. Europar Batasunak arau fiskalak etetearen ondorioz sortutako ezohiko egoeraren ondoriozko “aurrekaririk gabeko” aukera baliatu nahi da. “2022. urteak inbertsio publikoa maximizatzea eskatzen digu, baimendutako mugak estutuz eta eskura ditugun baliabide guztiak erabiliz” adierazi du Ekonomia eta Ogasuneko sailburu Pedro Azpiazuk.

Era berean, eta inoiz baino gehiago, Eusko Jaurlaritzak gizarte-politikak bermatzeko eta hobetzeko konpromisoei eusten die, eta, berriro ere, proiektu horren % 77 gizarte-politikei dagokie, 10 eurotik ia 8 euro.

2022ko aurrekontuan, genero-ikuspegi globalaren aldeko apustu argia jaso da —% 16,5 hartzen du, 2021eko aurrekontuetan baino lau hamarren gehiago—. Aurreko legegintzalditik bultzatutako ikuspegi horren bidez, aurrekontuetan genero-ikuspegi integrala sartzen ari da; izatez, genero-berdintasuna lortzeko ekimen esplizituak finantzatzeaz gain, politika publiko guztietan ere aintzat hartuko da genero-ikuspegia.

Horrenbestez, alderdi zehatzagoak sakondu baino lehen nabarmendu beharreko 4 alderdi jasotzen ditu proiektuak:

  1. Inbertsio publikoa % 50 gehitzea —1.600 milioi eurotik gora—.
  2. I+G arloko konpromiso irmoa (+% 10), 588 milioi eurorekin (2021ean baino 52 milioi euro gehiago)
  3. 10 eurotik ia 8 euro jarriko dira GASTU SOZIALETARAKO.
  4. Covid-programa, 349 milioi eurorekin —% 100 mantenduko da Hezkuntzan (95,6 milioi euro) eta Osasunean (185,4 milioi euro)—.

Urriaren 29an erregistratuko da aurrekontu-proiektua Eusko Legebiltzarrean, eta sailburuak azaroaren 2tik 4ra bitartean bertaratuko dira Legebiltzarrera. Hortaz, aurrekontu-proiektua abenduaren 23an onartzea aurreikusten da. 

  1. Ekonomiaren arloko baikortasun zuhurra

Urte honetarako espero den hazkundea % 6,7an mantenduko da, nahiz eta zuhurtziaz jokatzera behartzen duten zenbait ziurgabetasun dauden, hala nola energiaren prezioa eta industria-hornigaien gabezia. 2022rako, ekonomiaren arloko itxaropenak hobetu egin dira, eta horrek eragin positiboa izango du euskal ekonomian, % 6,4ko hazkundea espero baita.

Susperraldi ekonomikoarekin batera, gora egin dute prezioek, batez ere lehengaien prezioek. Gasak zein elektrizitateak oso balio handiak dituzte, eta abuztuko Kontsumoko Prezioen Indizearen urtetik urterakoa % 3,3ra iritsi da, azken hamar urteetako handiena. Hala ere, mendeko inflazioak (% 1,0) pentsarazten du fenomeno iragankorrak direla, eta seguruenik ez direla epe ertainean finkatuko.

Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiak % 18,6ko urte arteko gehikuntza izan du 2021eko bigarren hiruhilekoan, baina oraindik ez da berreskuratu birusa iritsi aurreko ekoizpen-maila —hurrengo hiruhilekoetan lortzea espero da—.Euskal Autonomia Erkidegoko eta Europako ekonomien arteko konparazioak agerian uzten du 2020ko beherakada eta egungo susperraldia biziagoak izan direla Euskal Autonomia Erkidegoan; izatez, eurogunearen osotasunean bigarren hiruhilekoan % 14,3ko igoera izan da eta Europar Batasunean % 13,8koa. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore nagusi guztiek aldakuntza handiak izan dituzte haien balio erantsian.

Eskariaren ikuspegitik, kanpoaldearekiko merkataritza lehengoratzea izan da ezaugarri nagusia. Bost hiruhilekotan jaitsi ondoren, 2021eko bigarren hiruhilekoan ondasun eta zerbitzuen esportazioek eta inportazioek urtetik urterako % 30 gehikuntza izan dute, gutxi gorabehera. Merkataritza suspertzen ari da oro har, eta itsasoz egiten den salgaien garraioan itoguneak sortzen ari dira, ez baitago enpresek egindako eskaera guztiak garraiatzeko edukiontzirik eta urriak baitira zenbait lehengai eta produktu erdilandu.

Barne-eskariaren bi osagai nagusiek atzean utzi dute uzkurdura fasea, eta indarrez hazi dira. Izan ere, kapitalaren eraketa gordinak % 21,4ko urte arteko gehikuntza izan du, eta azken kontsumoko gastuak % 18,1eko urte arteko tasa izan zuen hiruhilekoan. Kontsumo pribatuaren bultzada handiari esker (% 22,6) lortu da aurrerapen hori.

Barne Produktu Gordinaren hazkunde handiak pandemiaren lehen hilabeteetan galdutako enpleguaren zati handi bat berreskuratzea ekarri zuen. Ildo horretan, aurreikusten da 2021ean langabezia-tasa % 10,3koa izatea eta 2022an % 9,5era iristea. Hartara, Eusko Jaurlaritzaren konpromisoetako bat beteko litzateke. Hurrengo urtean 10.800 lanpostu berriak sortuko dira. 

  1. Esparru ekonomiko eta finantzarioa

Diru-sarrerei dagokienez, Foru Aldundien ekarpenak 11.003 milioi eurokoak dira, hau da, zenbatekoa 1.384,7 milioitan gehitu da 2021eko eta 2022ko urteko zenbatekoak alderatuta (+% 14,4). Dena dela, Finantzen Euskal Kontseiluak urriaren 15eko bilkuran zenbatetsitako itxierari erreparatuta, 10.551,8 milioitik 11.003,9 milioira gehitu da, hau da, 452,1 milioi euro (+% 4,3).

Europako Funtsetatik —Europako Gizarte Funtsa, Eskualde Garapeneko Europako Funtsa, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsa, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa, eta Itsasoko eta Arrantzako Europako Funtsa— datorren zenbatekoa 258,7 milioi eurokoa da; Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismotik datozen funtsak, aldiz, ez dira sartu. Hala ere, aurrekontu-legeak iritsi ahala jasoko ditu funts horiek.

Aurrekontu-egonkortasuneko helburuek ezartzen dutenez, 2022. urtean Euskal Autonomia Erkidegoko defizita % 0,9koa izango da, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak 2021eko uztailean egindako bilkuran akordioa lortu ondoren. 2022ko aurrekontuetan, 683,2 milioi euroko zorpetze garbia aurreikusten da, eta 746,4 milioi euroko amortizazioak; beraz, zorpetze gordina (garbia+amortizazioak) 1.429,6 milioi eurokoa izango da. Zorpetze-aurreikuspena 1.122,8 milioi eurotan murriztuko da, ekarpenak gehitzearen ondorioz eta 200 milioiko diruzaintzako gerakinak erabiltzearen ondorioz. Bestalde, 2022ean zor publikoak ez du Barne Produktu Gordinaren % 15,6 baino handiagoa izan behar.

  1. I+Gko inbertsioa

Aurrekontu-proiektuak I+Garen aldeko apustu irmoa eta argia jasotzen du, eta hori zenbait sailetan eragina duen zeharkako gastu-lerroa da:

 

I+Gko INBERTSIOA 2022an    
SAILAK M/€  
Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumena 304,1 Berrikuntza-funtsa, teknologia, nekazaritza eta arrantzako I+Ga, eraldaketa digitala…
Hezkuntza 182,1 Berrikuntza-funtsa, ikerketa eta ikertzaileak, unibertsitatea
Osasuna 63,4 Berrikuntza-funtsa, osasun-ikerketa eta -ikertzaileak, Osakidetza
Gobernantza Publikoa eta Autogobernua 22,4 Administrazio elektronikoa, eraldaketa digitala eta ekintzailetza berritzailea
Lehendakaritza 9,9 Berrikuntza-funtsa
Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioa 3,5 Berrikuntza-funtsa
Kultura eta Hizkuntza Politika 2,4 Berrikuntza-funtsa
  587,8 % 9,7ko gehikuntza (+52 milioi euro 2021aren aldean)

 4.- Sailen araberako banaketa:

Osasuna 4.352 milioi euro (+168 milioi euro): Osakidetzaren aurrekontua 116,6 milioi euro gehitu da —3.333 milioi eurora arte— eta inbertsioen finantzaketak 37 milioi eurotan egin du gora —106,7 milioi eurora arte—. Itunpeko Ekintza Programak, oro har, 3 milioi eurotan egin du gora, aurreko ekitaldiarekin alderatuta. Arlo sozio-sanitarioa, berriz, 4,2 milioi eurotan gehitu da, eta guztira 7,2 milioi eurora iritsi da. Era berean, txertoetan egindako gastua 19,2 milioi eurora arte hazi da (+5 milioi euro). Farmazia-gastua, berriz, egonkor mantendu da. Osasun publikoko partida berriro ere hazi da (+2,6 milioi euro) eta 29,7 milioi eurotara iritsi da.

Hezkuntza 3.235 milioi euro (+126,9 milioi euro): Sail horrek 41,3 milioi euroko gehikuntza izango du inbertsioetarako. Langileen eta funtzionamenduaren gastuak 1.738 milioi eurokoak dira; 61,5 milioi euroko igoera izan da, pandemiarekin abian jarritako neurriei eutsiko baitzaie. 0 eta 3 urte arteko hezkuntzak eutsi egiten dio 30 milioi euroko aurrekontuari, Haurreskolak partzuergoak 59 milioi euroko aurrekontua du eta Euskal Herriko Unibertsitateak 356 milioi eurokoa.

Lana eta enplegua 936,2 milioi euro (-7,6 milioi euro): Sail honetan, nabarmendu behar da gazteen, emakumeen eta 45 urtetik gorakoen enplegagarritasuna bermatzeko zenbait programa barnean hartu izana. Diru-sarrerak Bermatzeko Errentako zenbatekoak % 3 gehituko dira (aurten % 1,8 gehitu dira). Igoera horrekin ere, enpleguaren hobekuntzak eta Gutxieneko Bizi Sarrera txertatzeak aurrekontuko aurreikuspena doitzen dute (345 milioi euro), eta, beharrezkoa izanez gero, zenbatekoa handitu daiteke. Era berean, Etxebizitzarako Prestazio Osagarria % 10 gehitu da, 87,4 milioi eurotara iritsi arte, zenbatekoak % 10 gehitu baitira (hileko 250 eurotik 275 eurora).

Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumena 777,4 milioi euro (+123,3 milioi euro): aurrekontua gehitu da industria-garapenean (+41 milioi euro), teknologian (+19 milioi euro), eraldaketa digitalean (+10 milioi euro), portuetan (+7,6 milioi euro), nekazaritzan (+8,6 milioi euro) eta ingurumenean (+7,7 milioi euro). Era berean, gehitu egin dira SPRI, SPRILUR eta Parke Teknologikoetako inbertsioak, ia 58 milioi eurora arte (+40 milioi euro).

Segurtasuna 725,1 milioi euro (+33,2 milioi euro): inbertsio publikorako 24,8 milioi euro izatetik 42 milioi euro izatera pasa da Saila.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioa 564,4 milioi euro (+57,6 milioi euro): nabarmentzen dira azpiegitura eta garraioaren kudeaketako programa —40,5 milioi eurotan gehitzen da—, etxebizitza-programa —10 milioi euro gehiagorekin— eta lurralde-plangintza —6,9 milioi euro gehiago—.Euskal Y-rako eta Hego Saihesbiderako 56,4 milioi euroko zenbatekoa aurreikusten da.

Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak 528,6 milioi euro (+67,1 milioi euro): Emakundek 7,4 milioi euroko aurrekontua izango du, eta Garapenerako Lankidetzaren Agentziak 50,2 milioi eurokoa. Gizarte Larrialdietarako Laguntzarako eta pobrezia energetikoa borrokatzeko 42,5 milioi euro izango ditu. Barnean hartzen du Espetxeetako Programa berria, 70 milioi euro izango dituena.

Kultura eta Hizkuntza Politika 322,4 milioi euro (+ 32,6 milioi euro): sail honen 161,5 milioi euro EITBri dagozkio (+12,6 milioi euro); HABEk, berriz, 46 milioi euro inguruko aurrekontua izango du, 3,4 milioi euroko gehikuntzarekin.

Gobernantza Publikoa eta Autogobernua 139,2 milioi euro (+9,8 milioi euro): 2022an Sail honek digitalizazioaren aldeko apustu handia egingo du, eta HAEEk 20,8 milioi euroko aurrekontuari eutsiko dio.

Ekonomia eta Ogasuna 128,6 milioi euro (+41,2 milioi euro): Sail honetan deigarriena da Finkatuz funtsari Finantzen Euskal Institutuaren bidez egiten zaion 50 milioi euroko ekarpena, baita finantza-gastuak ordaintzeko 7 milioi euroko zenbatekoa ere. Gainera, Elkargiren abaletako hornikuntza teknikoen funtsen kostua eta diru-laguntzak 21 milioi eurotan murriztu dira, eta 11 milioi eurotan geratu dira. Eustatek 14,5 milioi euroko aurrekontua izango du.

Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa 52,1 milioi euro (+4,8 milioi euro): 22,4 milioi euro bideratuko dira Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzara, 19,9 milioi euro Merkataritzara eta ia 6 milioi euro Kontsumobidera.

Lehendakaritza 35,5 milioi euro (+3,1 milioi euro): aurreko ekitaldiekiko berritasuna da Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkaritza bat irekiko dela Parisen, eta horretarako inbertsioa 1,1 milioi euro ingurukoa izango da. Horrez gain, kontuan hartu behar da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Planaren 9,9 milioi euroko aurrekontua.

5.- Inbertsio publikoa Sailen arabera

2022ko INBERTSIO PUBLIKOA
SAILAK  M/€ Gehikuntza, 2021aren aldean (M/€)  
Ekon. Garapena, Jasangarrit. eta Ingurumena 512,4 100,0  
Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioa 373,8 53,7  
Hezkuntza 166,4 41,3  
Osasuna 110,2 36,7  
Ekonomia eta Ogasuna 64,3 29,7  
Segurtasuna 46,1 17,3  
Kultura eta Hizkuntza Politika 37,5 20,4  
Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak 28,7 15,4  
Lana eta Enplegua 21,6 15,0  
Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa 9,9 7,1  
Gobernantza Publikoa eta Autogobernua 5,9 0,7  
Lehendakaritza 2,5 0,3  

* Inbertsioaren gainerakoa erakunde autonomoetan dago: Lan Harremanen Kontseilua, Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea, Herri Kontuen Euskal Epaitegia, Datuak Babesteko Euskal Bulegoa…

Prentsa-txostena