Donostiako Udalak bi partaidetza-prozesu jarri ditu abian Ekialdeko Barrutian

0

Donostiako Udalak, Herri Partaidetza Zerbitzuaren bitartez, bi partaidetza-prozesu abiarazi zituen azaroan. Lehena, Ekialdeko Barrutiak sustatuta, Bidebieta parkea da. Bigarrena, Sorleku izena jarri zaion parkea, Dbusen garajearen ondoko lursailean egingo dena. Bi parkeak hiriko Ekialdeko Barrutian daude, eta 700.000 euro bideratuko dira haietara.

Auzoetako zinegotzi Maria Jesus Idoetak adierazi duenez, Udaletik eta Ekialdeko Barrutitik herritarren parte-hartzearen aldeko apustua egiten jarraitzen dugu, proiektuen eragile gisa, herritarrak baitira horien guztien azken hartzaileak.

Datozen asteetan, bilera irekiak egingo dira, proiektuen irismena eta partaidetza-prozesuen xehetasunak azaltzeko: agenda, helburuak, tailerren dinamika eta abar. Herritarrek postontzian jasoko dute bi bileron gaineko informazioa, noiz eta non egingo diren jakin dezaten.

Bi proiektu horiek jadanik badute egikaritzeko aurrekontu-partida: Bidebietarako Ekialdeko Barrutiaren aurrekontutik datozen 300.000 euro daude gordeta, parte-hartze prozesua, proiektua eta obra egiteko, eta Sorlekurako, berriz, Udalak urte anitzeko 400.000 euroko aurrekontu-saila prest du.

Sorleku parkearen prozesua

Sorleku parkea Marrutxipiko Dbusen garajearen azpian dagoen lursailean egingo da, gaur egun ez baitu gozatzeko eta egoteko erabilera publikorik.

Elkarlanerako abiapuntua Alubi elkarteak pandemiaren aurretik egindako lanaren emaitza izango da. Elkarte hori Gazteria atalak gazte-ekimena bultzatzeko antolatu zuen MARTX UP!! deialdian hautatu zen. Bere garaian, prozesua Zurriola ikastolako haurrekin egin zen batez ere, eta ekarpen ugari egin zituzten. Beraz, ekarpen horiek eta horien ondoriozko proposamena izango dira egingo den lanaren oinarria.

Orain, auzotarrentzat irekiko da prozesua, eta haurrak, familiak eta adinekoak gonbidatuko dira parte hartzera. Gainera, inguru horretako etxebizitza orokorretan, zuzkidura-apartamentuetan zein hurbileko egoitzetan bizi diren adinekoen zaintzaileek parte hartzea ere bilatuko da.

Talde horiek planteatzen dituzten beharrak eta proposamenak txertatuko dira; horretarako, adin eta ezaugarri guztietako pertsonak elkartzeko saioak egitea aurreikusi da, elkarrekin harmonian bizitzeko parkearen diseinua ixteko. Behin betiko erabilerak, landaredia, sarrerak eta abar zehaztuko dira, eta proiektuaren multzoan hobekien egokitzen diren elementuak lehenetsi beharko dira.

Bidebietako parkearen prozesua

Bidebietako parkea kasu desberdina da; izan ere, parke hori badago lehendik ere, baina, urteen joanarekin, hondatzen joan da; haren erabilerak, horiek ere partaidetza-prozesu baten bidez zehaztutakoak, aldatzen joan dira, eta jadanik ez diete erantzuten egungo premiei.

Beraz, prozesuan espazioa eta egungo eta etorkizuneko elementuak birpentsatuko dira, eta inguruneari ere begiratuko zaio, auzoan espazio publikoan gozatzeko edo kirola egiteko dauden eskaintzen osagarri izango den diseinu bat egiteko.

Bidebietan, oro har herritarrak gonbidatzeaz gain, berariaz gonbidatuko dira inguruneko eragileak, hala nola ikastetxeak, Guardaplata adinekoen elkartea, Plazandreok, parrokia, Bidebieta auzo-elkartea eta Kontadores haurtxoko eta gaztelekua. Aurkezpen publikoa azaroaren 3an, asteazkenean, 19:00etan egingo da Bideberri institutuan.

Irisgarritasuna

Bi prozesu horietan, jadanik gonbidatu da Elkartu elkartea, desgaitasun fisikoa duten pertsonen erabateko gizarteratzearen eta parte-hartzearen alde lan egiten duen taldea, haren lankidetzaren bidez, irisgarritasunari buruzko alderdi guztiak hauteman eta landu daitezen.