Eusko Jaurlaritzak 2021 eta 2023 artean 595 milloi euro jasoko ditunautonomia-erkidegoaren artean banatuko diren berreskuratze eta erresilentzia mekanismoko europako funtsaren 14.733 milloi euroetatik

0

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburua gaur goizean Eusko Legebiltzarrean agertu da, berak hala eskatuta, Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planeko funtsen banaketaren egoeraren berri emateko —Plan horrek Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoaren Europako funtsak eskuratzeko aukera ematen du—.Autonomia-erkidegoek jasoko dituzten 35.000 milioi euroetatik, orain arte, 14.733 milioi euro banatu dira.  Euskal Autonomia Erkidegoak 595 milioi euro jasoko ditu —359 milioi euro 2021ean, 111 milioi euro 2022an eta 71 milioi euro 2023an—.Gainerako 54 milioi euroen urteko banaketa ez da ezagutzen —6 milioi euro herritarren gaitasun digitalak bultzatzeko eta 48 milioi euro energia arloan efizienteak diren eraikinetan alokairu sozialeko etxebizitzak eraikitzeko—, nahiz eta 2022an hasiko dela jakin.

2022tik aurrera Euskal Autonomia Erkidegoari egoki dakizkiokeen  zenbatekoak zenbateste aldera, konparaziozko zenbatespen bat egin da, Estatuko Aurrekontu Orokorretan aurreikusitako Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoko transferentzietan oinarrituta, eta 400 milioi euro inguru egoki dakizkioke.

Espainiako Gobernuko ministerioek zuzenean kudeatzen duten zatiari dagokionez —beste 35.000 milioi euro—, orain arte 48 deialdi egin dira, hau da, 4.530 milioi euro inguruko laguntzak eman dira. Zenbateko horretatik, Euskal Autonomia Erkidegorako bi esleipen baino ez dira ezagutzen: 3,3 milioi euro ESS Bilbao Partzuergoari, Europako espalazio-neutroien iturriari espeziean laguntzeko (Lund, Suedia), eta 60.000 euro Donostiako Zinemaldiari.

Era berean, Nadia Calviño lehen presidenteordeak irailaren amaieran egindako eskaerari erantzunez, Iñigo Urkullu lehendakariak presidenteordeari aurkeztu zizkion hiru proiektu estrategikoen berri eman du sailburuak. Hiru proiektu hauek dira: Basque Mobility, Datuaren Ekosistema eta Basque Advanced Therapies. Hiru proiektuak bat datoz gobernu-programak markatzen duen trantsizio hirukoitzarekin eta Europako agintariek egitura-funtsen barruan bultzatutako RIS3 estrategiaren hiru espezializazio-arloekin, eta izaera eraldatzaile nabarmena dute, Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiaren indarguneetan oinarrituta eta gaur egungo eta etorkizuneko aurrerapenaren oinarriak ezartzeko proiekzioarekin.

Azkenik, Europako funts horien kudeaketaren ondorioz lor daitezkeen diru-sarrerak Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuan sartuko dira. Funtsen erabilera ahalik eta gehien malgutzeko, Ekonomia eta Ogasun Sailak soberakotzat jo ahal izango ditu hasieran 2022ko ekitaldirako onartutako aurrekontuan sartzen diren kredituak, baldin eta kreditu horiek bat badatoz geroago Europako funtsen bidez finantzatuko diren jarduketekin eta proiektuekin. Soberako kreditu horiek beste politika publiko batzuetarako aplikatu ahal izango dira, batez ere inbertsio-proiektuetarako.

Horrez gain, jarduketen tramitazioa errazte eta arintze aldera, presako tramitazioa aplikatuko zaie. Hartara, ohiko prozedurarako ezarritako epeak erdira murriztuko dira, eskabideak eta errekurtsoak aurkezteari buruzkoak izan ezik. Zehazki, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiaren eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren txostena baino ez da beharko.