Eusko Jaurlaritzak eremu digitalean euskara sustatzeko “Zure hatz marka euskaraz” izeneko kanpaina abiatu du

0
PRUEBA

Eusko Jaurlaritzak gaur aurkeztu du “Zure hatz marka euskaraz” izeneko kanpaina Donostian egindako agerraldian. Kanpainaren helburua eremu digitalean euskararen erabilera sustatzea da eta horretarako ardatz bi izango ditu. Batetik gazteei sare sozialetan edukiak euskaraz sortzera animatuko zaie eta bestetik herritarrei gailuak euskaraz konfiguratzeko deia egingo zaie.

Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranek gaur aurkeztu du kanpaina Donostian egindako prentsaurrekoan. Berarekin batera kanpaina garatu duen IKOM enpresako kide den Izaro Iraetak ere parte hartu aurkezpenean.

Gobernu Kontseiluak apirilean onartu zuen Euskararen Aholku Batzordearen Ingurune Digitalean Euskara sustatzeko batzorde-atal bereziak adostutako “Euskararen Ingurune Digitala: Gomendioak 2021-2024” bide orria eta bertan, 10 gomendio ematen zaizkio Eusko Jaurlaritzari euskararen erabilera sustatzeko ingurune digitalean, eta 24 ekintza-proposamen zehazten dira horrekin batera. Gomendioen dokumentu horretan, hasteko, euskara ingurune digitalean bizirik eta bizi egoteko lau lan-lerro estrategiko definitzen dira.

  1. Euskarazko eduki digitalak sustatzea.
  2. Euskarazko tresna, aplikazio eta baliabide digitalak sustatzea.
  3. Euskarari eta euskarazko baliabideei ikusgarritasuna ematea, erabilera areagotzeko.
  4. Zaintza teknologikoa ziurtatzea.

Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranek azaldu duenez “ezinbestekoa da zaintza teknologikoa ziurtatzea euskararentzako estrategia digital bat garatzeko, merkatuan agertzen diren berrikuntza teknologiko arrakastatsuenak, informazio eta komunikazio teknologietan (IKT) ematen diren joerak eta tresna berriak identifikatzeko  edota beste hizkuntza zein herrialde batzuetan hizkuntzaren sustapenerako IKT arloan eta ingurune digitalean egiten denaren jarraipena egiteko”. Gaineratu duenez, “nekez erabiliko dugu ez dagoena, eta beraz, beharrezkoa da euskarazko eduki digitalak sustatzea, eta horretarako euskarazko tresna, aplikazio eta baliabide digitalak sustatzea. Horretarako ikusgarritasuna ere eman behar zaie. Beraz, lau helburu horiekin bat egiten du kanpaina honek”. Sarean lehen hitza euskaraz izatearen garrantzia ere nabarmendu du Hizkuntza Politikako sailburuordeak horrek ondoren hizkuntza hobespenei buruzko informazioa emango duelako. 

Kanpaina

Gaur Donostian aurkeztutako “Zure hatz marka euskaraz” kanpainak helburu bikoitza du:

  • Gazteek euskaraz sor dezaten bultzatzea.
  • Euskaldunok erabiltzen ditugun gailuak euskaraz konfiguratzeko deia egitea.

Bi helburu horiek lortzeko egitasmo desberdinak jarriko dira martxan. Batetik, eta gazteek euskarazko eduki digitalak sortzera bultzatzeko, sare sozialetan (Instragram, Tik-Tok eta Youtuben) gazteak aktibatzeko lehiaketa egingo da. Horretarako hainbat preskriptore izango ditu kanpainak, besteak beste, Kai Nakai abeslaria, Anepe Acedo dantzaria, Aitziber Garmendia aktorea…

Aitziber Garmendia aktorea bera izango da gailu elektronikoak euskaraz aktibatzeko gonbita egingo duena. Hainbat tutorialen bitartez herritarrei gailuak nola euskaratu azalduko die. www.gozatusareaneuskaraz.eus atarian eta sare sozialetan egongo dira ikusi bideo tutorial horiek. Modu errazean azalduko dute mugikorrak, sistema eragileak… nola euskaratu.

Herritarrek Egunean Behin Lehiaketan eta Lehen Hitza app-an ere aurkituko dute gaurtik azaroaren 10era bitartean martxan egongo den kanpaina.