Eusko Jaurlaritzak gogortu egingo du jokoaren erregulazioa, eskaintza doitzeko, joko patologikoari aurrea hartzeko eta osasun publikoa bermatzeko

0

Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak eta Jonatan García Rabadán UPV/EHUko Soziologia eta Gizarte Langintza Saileko irakasle atxiki eta ikertzaileak agerraldia egin dute Jokoaren Euskal Behatokia sortu zeneko hirugarren urteurrena eta laster izango den Ausazko Jokorik Gabeko Eguna dela eta.

Esku-hartzean Jonatan García Rabadánek Jokoaren Euskal Behatokiak azken hiru urte hauetan argitaratutako lanak azaldu ditu. Behatokia 2018ko urrian sortu zen Euskadiko jokoaren egoera etengabe aztertzeko eta ikertzeko eta azterketa eta ikerketa horiek zentralizatzeko foro gisa. “Nabarmendu beharreko lehen alderdi esanguratsua da jokoak presentzia argia duela Euskadiko gizartean, biztanleen % 70,5ek azken urtean gutxienez behin jokatu baitu edo egin baitu apustu. Paraleloan, gainera, nabarmendu beharra dago inkestari erantzun dioten pertsonen gehiengoak (% 79) baieztatu duela haurtzaroan eta/edo gaztaroan familiartekoren bat jokatzen ikusi zuela, eta ehuneko txikiagoak baina hala ere esanguratsuak (% 24,7) aitortu duela 18 urte bete aurretik hasi zela jokoan, hau da, legez ezarritako gutxieneko adina baino lehen. Sozializazio prozesuak eginkizun erabakigarria du egoera horretan, eta, nolanahi ere, jokoak gizartean duen presentzia eta normalizazio maila altua erakusten duten elementuak dira”, adierazi du Jonatan Garcia UPV/EHUko Soziologia eta Gizarte Langintza saileko irakasle eta ikerlariak.

Bestalde, Josu Erkorekak berretsi du Eusko Jaurlaritzak Euskadin arazoak sortzen dituen jokoaren eta joko patologikoaren aurkako borrokan duen konpromisoa eta inplikazioa, eta jakitera eman du datorren hiruhilekoan onartuko dela 2016ko Jokoaren Erregelamendu Orokorraren aldaketa. Lege-erreforma horretan hainbat neurri gogortuko dira, besteak beste, joko-aretoen eta ikastetxeen arteko distantziak, establezimenduen kopurua eta horien artean gutxienez izan behar diren metroak, sarreren kontrola eta publizitatea, Euskadiko egungo egoera sozial eta ekonomiko errealera egokitzeko. Helburuak hiru dira:

  • Euskadiko joko-eskaintza gizartean onargarria den mailara doitzea.
  • Osasunaren babesa bermatzea eta arazoak sortzen dituen jokoaren prebentzioa.
  • Adingabeak eta kolektibo zaurgarriak babestea.

Araudi-aldaketa hau Jaurlaritzak, hemendik aurrera, hiru urtez behin errepikatuko du.

DISTANTZIAK MUGATZEA

Lehenik eta behin, Eusko Jaurlaritzak joko-establezimenduen arteko gutxieneko distantzia fisikoak mugatuko ditu zenbait lekutan era horretako lokal asko pilatzea eragozteko. Biztanleriari buruzko azterlanak eta azterlan geoespazialak aztertu ondoren, honako neurriak hartzea erabaki da:

  • Edozein eratako joko-aretoen arteko nahitaezko gutxieneko distantzia 500 metro erradialekoa izango da. Orain 150 eta 600 metro inguruko tartea dago baimenduta lokal-motaren arabera, eta Jaurlaritzak 500 metro erradialera handitu eta bateratu du nahitaezko gutxieneko distantzia, lokala edozein motatakoa izanda ere.
  • Ezingo da joko edo apustu etxerik egon ikastetxe arautuetatik 150 metrora baino gutxiagora. Lehenengo aldiz sortu da lehen hezkuntzako, bigarren hezkuntzako eta lanbide heziketako ikastetxeetatik 150 metro erradialeko gutxieneko nahitaezko distantzia.

LOKAL GUTXIAGO

Bigarrenez, Eusko Jaurlaritzak mugatu egingo du joko-aretoen kopurua, eta Euskadin, beraz, soilik egon ahal izango dira:

  • 3 kasino, lurralde historiko bakoitzeko bat, eta lizentzia lehiaketa bidez emango da.
  • Hipodromo bat.
  • 14 bingo. Horrez gainera, bingoek ezingo dute azaleraren % 50 baino gehiago erabili joko-makinak instalatzeko.
  • 60 apustu-etxe. Orain gehienez 75 ireki daitezke. Orain arte bezala, 3 enpresa egongo dira baimenduta lehiaketa publiko bidez apustu orokorrak ustiatzeko.
  • 170 joko-areto. Une hauetan 209 daude.

Gainera, araudi berria onartzen denean, Eusko Jaurlaritzak ez du emango datozen hiru urteotan ostalaritzan makinak ustiatzeko baimen berririk. Une hauetan 8.025 joko, apustu, loteria edo txartel makina daude ostalaritzako lokaletan, eta hiru urte hauetan baimen horietan izaten diren baja guztiak behin-betikoak izango dira. Horrez gainera, joko-postu bakoitzak 3 metro karratu izatea ere ezarriko da.

SARRERA KONTROLATZEA

Erregulazio berriak ekarriko duen hirugarren aldaketa garrantzitsuak establezimendu horietako sarrerak kontrolatzearekin du zerikusia: nahitaezkoa izango da joko-areto guztietako sarrerak kontrolatzea, baita ostalaritza eremuetakoa ere.

Establezimenduek gehienez 9 hilabete izango dituzte teknikoki eta fisikoki egokitzeko, joko eta apustu areto guztiek izan beharko baitituzte Eusko Jaurlaritzaren jokorako sarrera debekatuen erregistrora konektatutako sistema informatikoak. Araudia indarrean jartzen denean, lokalek adingabe guztien, ahalmena mugatuta dutelako debekatu gisa erregistratuta dauden pertsonen, euren buruari sartzea debekatu dietenen eta abarren sarrera kontrolatu beharko dute.

PUBLIZITATEA

Datorren urtetik aurrera egingo diren aldaketen laugarren multzoak jokoari buruzko publizitatearekin du zerikusia. Jaurlaritzak indartu egingo ditu murrizketak, besteak beste, hauek:

  • Debekatuta egongo da jokoari buruzko publizitatea egitea komunikabideetan goizeko 6etatik gaueko 12etara.
  • Ezingo da ospe publikoa duten pertsonekin edo adingabeekin egindako iragarkirik argitaratu.
  • Publizitateak ezingo du iradoki jokoa dirua azkar eta ahaleginik egin gabe lortzeko metodo erraza dela.
  • Ezingo da publizitateko erreklamo gisa erabili kirol-instalazioen, entrenamendu-zentroen, taldeen edo lehiaketen izena, marka edo izen komertziala.
  • Kirol ekipamenduak edo kamisetak ezingo dira babestu jokoaren arloko establezimendu, enpresa edo operadoreekin.
  • Debekatuta geratuko da kirol-zentroetatik 150 metrora baino gutxiagora publizitate liburuxkak banatzea edo kanpoko publizitatea jartzea.

DEBEKATUEN ERREGISTROA

Azkenik, garrantzizkoa da adieraztea zabaldu egin dela debekatuen erregistroan izena eman ahal izateko lekuen sarea. Osakidetzan eta errehabilitazioko elkarteetan ez ezik, izen-emateak ertzain-etxeetan, joko-aretoetan bertan eta online jokorako etxeetan ere egin ahal izango dira.

Pertsona bat erregistro horretan sartzen den unean, ezingo da Euskadiko joko-establezimendu bakar batean sartu, gutxienez 6 hilabete igaro ondoren izen-ematea bertan behera uztea eskatu ezean. Horrez gainera, Jaurlaritza Estatuko osoko erregistroen arteko elkarreragingarritasuna lantzen ari da, autonomia-erkidego batean erregistratuta dagoen pertsona batek ez dezan beste autonomia-erkidego bateko lokal batean sartzerik izan.