Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza publikoaren arloko berrikuntza-politikaren ardatz nagusietako bi (hiri-birgaitzea eta -biziberritzea, batetik, eta Euskadiko etxebizitza publikoen energia-trantsizioa, bestetik) saritu ditu gaur Etxebizitza eta Lurzoruaren Sustatzaile Publikoen Espainiako Elkarteak (AVS), bi urtetik behin ematen dituen sarietan. Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak lau sari lortzearekin, berretsi da Euskadik sustatzen duen etxebizitza publikoaren esparruko proiektuen eta apustuen kalitatea —Estatuan erreferentea da politika horietan—.
Sariak Pedro Jauregui Etxebizitzako sailburuordeak eta Carlos Quindós eta Patricia Val Visesa eta Alokabideko zuzendariek, hurrenez hurren, jaso dituzte ostegun honetan Sevillan egin den eta Espainia osoko etxebizitza-arduradunak bildu dituen sari-banaketan. Proiektu sarituen artean dago Visesak koordinatzen duen SmartEnCity proiektua, hau da, Gasteizen karbonoz neutroak diren hiri adimendunak sortzeko ekimena —ekimen horren bidez 26 jabe-erkidegoren birgaitze energetikoa bultzatu da—.Eusko Jaurlaritzaren sozietate hori saritu dute “hiri-birgaitzerik eta -biziberritzerik onena egiteagatik”. Proiektu horrek, eraikinetan hobekuntzak bultzatzeaz gain, hiri-biziberritzea ekarri du eta Koroapena auzoa berokuntza-sare batez zuzkituko duen biomasa-planta baten eraikuntza eragin du.
Era berean, Zero Plana deituriko planak lehen accesita lortu du etxebizitzen parke sozialaren administrazioaren eta kudeaketaren arloko jarduketarik onenaren sarian. Alokabidek eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzak sustatu dute proiektu hori, Gobernuaren errentamendu-parkeko eraikinen birgaitze adimenduna bultzatzeko. Horretarako, eraikuntzaren arloan lehentasuna ematen zaie deskarbonizazioari eta eraginkortasun energetikoari, zenbait ekimenen bidez, hala nola familiei laguntza energetikoa ematearen bidez edo ia kontsumo nuluak izango dituzten eraikin berrituak sortzearen bidez.
Visesak, halaber, lehen accesita lortu du zerbitzu publikoen kudeaketa instrumentalik onenaren sarian, bi jabe-erkidegori egindako energia-zerbitzuagatik. Horrez gain, ingurumen-kudeaketa onenari buruzko beste accesit lortu du, Hondarribiko (Gipuzkoa) 65 etxebizitza babestuko jarduketan egindako ingurumen-kudeaketagatik. Izatez, zurez eta energia-aprobetxamendurako teknologiekin eraikitako bi etxebizitza multzo dira —eraikitzeko unean Europako hego-mendebaldean material horrekin eraikitako eraikinik handiena izan zen—.
Era berean, Sestaoberri sozietateak accesita lortu du ingurumen-kudeaketarik onenaren sarian, 184 etxebizitza energetikoki birgaitzen dituen eta Vicente Diez plazaren azpian auzoko berokuntza-sistema eraikitzen duen proiektuari esker —biomasako galdaren bidez auzo osoari ur beroa zuzkitzen dion zentral termiko bat—. Sailak eta Sestaoko Udalak % 50eko partaidetza dute Sestao udalerriko (Bizkaia) hiri-birgaitze eta -birsorkuntzako proiektua bultzatzea helburu duen Sestaoberri sozietatean.
Pedro Jauregui Etxebizitzako sailburuordeak babestu du “eraikuntza-arloko kalitatea eta berrikuntza pertsona guztiengana iristea, gizartearen bizi-kalitatea, oro har, hobetzeko eta desberdintasunak murrizteko”, eta nabarmendu du proiektu horiek Euskal Autonomia Erkidegoan zabaltzen jarraitzen dutela, eta 25.000 etxebizitza baino gehiagoko parke publikoa osatzen dutela —horietatik 15.000 baino gehiago Eusko Jaurlaritzak Alokabideren bidez kudeatzen ditu—.Euskal Autonomia Erkidegoak Espainia osoko alokairuko etxebizitza babestuen behin-behineko kalifikazioen % 29 biltzen ditu, eta alokairurako 2.200 etxebizitza eta zuzkidura-bizitoki baino gehiago eraikitzen ari dira gaur egun.
Jaureguik AVS sarien barruan egindako hitzaldi batean aditzera eman du arlo horretan efizientzia energetikoa, digitalizazioa eta irtenbide berritzaileak sustatu nahi direla, eta nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak apustu argia egin duela sustatzaile pribatuek arrazoizko alokairurako etxebizitzak sor ditzaten eta parke pribatuko etxebizitzak alokairuaren merkatura mobiliza daitezen Bizigune eta ASAP gisako programen bidez —Bizigune programaren bidez partikularrek hutsik dauden etxebizitzak lagatzen dizkiote Eusko Jaurlaritzari alokairuan jar ditzan, hileko kanon baten truke—.
Ez da Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren berrikuntza-proiektuak saritzen dituzten lehen aldia. 2016ko edizioan, accesit bat lortu zuen obra berriko eraikuntza onenaren sarian, Visesak Salburuan (Vitoria-Gasteiz) sustatutako 171 etxebizitza sozialengatik. 2014. urtean, berriz, etxebizitza babestuen arloko jardunbiderik onenaren AVS saria jaso zuen, auzo horretan bertan babes ofizialeko 242 etxebizitzako proiektua garatzeagatik, eraikuntza jasangarriaren arloko errendimendu handia baitzuen —ia zero kontsumoa (NZEB) eta A energia-kalifikazioa—.