Euskadiko saltokietara 5,1 milioi euro bideratuak dituen Euskadi Bono Denda kanpainara elkartu da Hondarribia

0

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok, Hondarribiko alkate Txomin Sagarzazurekin batera, Euskadi Bono Dendaren edizio berria aurkeztu du. Atzo hasi zen epea eta bere udalerrirako 20.000 bonuren ekarpenarekin elkartu da udala kanpainara.

Sailburuak azpimarratu duenez oso garrantzitsua da udalek Euskadi Bono Dendaren edizio berri honetan parte hartzea, “udalerriei bonu berriak gehitzea lortzen baitute horrela, Hondarribiaren kasuan, besteak beste”.

Hondarribian, atxikitako 49 saltokietako bakoitzak 500 bonu baino gehiago izango ditu, 25.000 guztira, eta horrek berekin ekarriko duen inpaktu ekonomikoa gutxienez 750.000 eurokoa izango da erosketetan.

Bonuen aurrekontua 5,1 milioi eurokoa da Euskadi osorako: 4,7 milioi Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak emanak, eta milioi erdi gehiago orain arte atxikitako udalenak, beren udalerriak indartzeko. Horrek esan nahi du 500.000 bonu baino gehiago jarriko direla zirkulazioan Euskadi osoan, eta nahi duten udalak elkartu daitezke oraindik.

Bonuak 10 euroko deskontuetan oinarritzen dira, 30 eurotik gorako erosketetarako; % 30etik gorako deskontua erosketetan, beraz. Truke-sistema aurrekoaren antzekoa da, baina berritasun batzuk ditu. Lehena, pertsona bakoitzak 5 bonu erabili ahal izango ditu 4 erabili beharrean. Bigarrena, erabiltzeko adina 18 urtetik 16 urtera jaisten da.

Hirugarren berritasunak erabili ahal izango duten saltokien tipologiari eragiten dio zuzenean. Saltokiez gain, hiriko merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzuak gehitu dira, besteak beste, ile-apaindegiak eta edertasun-zentroak; garbitegiak, tindategiak eta antzeko zerbitzuak; argazki-zerbitzuak; fotokopia-zerbitzuak; markogintza-zerbitzuak eta mota desberdinetako konponketa-establezimenduak.

Beste berritasun bat hau da, deskontu-bonuak trukatzeko bi aldi ezartzen dira, Gabonetako erosketekin bat ez etortzeko. Lehenengo aldia atzo hasi eta abenduaren 5ean amaituko da. Bigarren aldia 2022ko urtarrilaren 10ean hasi eta 2022ko martxoaren 31n amaituko da.