Eusko Jaurlaritzak 1,5 milioi euro bideratuko ditu zuzeneko arteen programazio-zirkuitu bat garatzeko eta Europako eta Latinoamerikako zine-estreinaldietarako

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiriak “Beste bat Berritzen” izeneko deialdia aurkeztu du gaur prentsaurrean. Vitoria-Gasteizko Jimmy Jazz aretoan egin den aurkezpenean sailburuarekin batera Kultura sailburuorde Andoni Iturbe eta EZAE-Euskadiko Zine Aretoen Elkarteko, Eskena-Euskadiko Ekoizle Eszenikoen Elkarteko, EHMBE-Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteko eta SAREA-Euskadiko Antzoki Sareko ordezkariak ere izan dira.

“Beste Bat Berritzen” izeneko deialdia joan den urriaren 12an onartu zuen Gobernu Kontseiluak eta arte biziak dinamizatzeko programa bat garatzeko helburua du. Covid-19ak eragindako osasun egoerari aurre egiteko ez-ohiko laguntza deialdia da. Izan ere, 2020. urtearen hasieran, Covid-19ren pandemiak bat-bateko eta erabateko eragina izan zuen gure gizartearen esparru guztietan, eta hartutako neurriek jarduera ekonomiko asko geldiaraztea edo moteltzea ekarri zuten, zuzeneko arteen eta zinemaren sektoreko jarduerak barne. 2021. urtean, egoerak, bere gorabeherekin, hobera egin du, baina zuzeneko arteen eta zinemaren sektoreari egoeratik berreskuratzen laguntzeko helburuz jarri ditu martxan laguntza hauek Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak adierazi duenez, helburua argia da: “zuzeneko arteen eta zinemaren programazioa areagotzea, sektoreko eragile guztien (sortzaileak eta talde eszenikoak eta musikalak, eta batez ere programatzaileak) jarduera profesionalean eragiteko”.

Horretarako diruz lagunduko dira 2021eko azken hiruhilekoan eta 2022ko lehenengoan zuzeneko arteak erakusteko programak eta Europako eta/edo Latinamerikako zinema erakusteko programak. Horretara 1,5 milioi euro bideratuko ditu Kultura eta Hizkuntza Politika sailak:

  • Zuzeneko arteak erakusteko programetarako laguntzak: 1.300.000 euro
  • Europako edo/eta Latinoamerikako zinema erakusteko laguntzak: 200.000 euro

Zuzeneko arteak 

Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen dituzten zuzeneko arteak erakusteko programetara zuzendutako dirulaguntzak jasotzeko baldintzak honako hauek dira:

  • Antzerkia, dantza, zirkua, bertsolaritza eta musika erakusteko programak izatea.
  • Programatutako ikuskizunak eta kontzertuak euskal konpainienak edo profesionalenak izatea.
  • Aurkeztutako programazio-proiektuak gutxienez 5 ikuskizun eta/edo kontzertu izan beharko ditu.
  • Aurkeztutako ikuskizun eta kontzertu guztietatik (antzerkia, dantza, musika, zirkua eta bertsolaritza) ezingo du % 60tik gorako programazio-pisua izan, musika-areto pribatuek izan ezik, horiek % 100eko musika-programazioa garatu ahal izango baitute.
  • Testu batean oinarrituta aurkezten diren ikuskizun eta kontzertu guztietatik, gutxienez % 60 euskaraz izango dira.
  • Astelehenetik ostegunera bitartean egongo dira programatuta emanaldiak, 20.000 biztanletik beherako herrietan kokatutako guneetan izan ezik; horietan, asteko edozein egun programatu ahal izango dute.
  • Urriaren 27tik 2022ko martxoaren 31ra bitartean egin ahal izango da programazioa.
  • Kanpoan geratuko dira ekitaldi tradizionalei lotutako emanaldiak edo beste herri batzuetan antzezteko diseinatuta ez dauden ekoizpenak.

Dirulaguntzak eskatu nahi dituztenek egoitza soziala EAEn izan behar dute eta zuzeneko arteen programazioa egin ohi den EAEko espazioen titularrak edo/eta kudeatzaileak izan beharko dira.

Ikuskizun bakoitzagatik jasotako dirulaguntza ez da inoiz 3.500 euro baino gehiagokoa izango edo 4.000 eurokoa genero irizpidea aplikatzen bada. Gainera, erakunde bakoitzari eman ahal zaion gehieneko zenbatekoa 30.000 eurokoa izango da.

Zinema laguntzak 

Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen dituzten Europako edo/eta Latinoamerikako zinema estreinaldietarako aurkezten diren proiektuek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

  • Aurkeztutako programazio-proiektuak aretoko estreinaldiak diren edo estreinaldiaren ondorengo 4 asteetan programatuta dauden 10 film jaso beharko ditu gutxienez.
  • Urriaren 27tik 2022ko martxoaren 31ra bitartean egin beharko da programazioa.
  • Europar Batasuneko edo Latinoamerikako estaturen bateko nazionalitatea duten filmak baino ez dira kontuan hartuko.

Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako zinema-aretoen edo zinema-konplexuen titular edo kudeatzaile diren pertsona fisiko edo juridiko pribatuek eskatu ahal izango dituzten laguntzak. Horrez gain erakusketa-guneak jendearentzat irekita egon beharko dira deialdia argitaratu baino sei hilabete lehenagotik gutxienez, txarteldegi-sistema batekin eta diru-sarreren aitorpenarekin. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileek Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren Enpresa Zinematografikoen Administrazio Erregistroan inskribatuta egon beharko dute.

Dirulaguntza ez da inoiz 2.500 eurotik gorakoa izango film bakoitzeko eta erakunde onuradun bakoitzari emandako dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 25.000 eurokoa izango da.

Prozedura

“Beste Bat Berritzen” arte biziak dinamizatzeko programarako dirulaguntzak lehiaketa prozedura bidez emango dira. Hau da dagokion epean aurkeztutako eskabideak aztertu eta modalitate bakoitzean ezartzen diren balorazio-irizpideak kontuan hartuko dira. Interesa dutenek gaurtik azaroaren 29ra izango dute eskabideak aurkezteko epea horretarako aurrez aurreko bideak edo elektronikoak erabilita eta pertsona edo erakunde eskatzaile bakoitzak proiektu bakarra aurkeztu ahal izango du. Dirulaguntzak bi alditan ordainduko dira. %40 dirulaguntza emateko ebazpena eman ondoren ordainduko da. Gainontzeko %60a aldiz, diruz lagundutako jarduera egin dela baieztatu eta justifikatu ondoren.

Beste Bat! Zuzeneko Arteen Zirkuitua

Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 2020an ere babestu eta diruz lagundu zuen zuzeneko arteen zirkuitu bat. EHMBE-Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteak bideratu zuen zirkuitua Eusko Jaurlaritzaren 1.487.000 euroko diru-laguntza zuzenarekin. 2020. urte amaieran eta 2021.aren hasieran guztira 250 emanaldi baino gehiago eskaini ziran, besteak beste, musika, antzerkia, dantza eta zirkua, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 50 areto baino gehiagotan. Zupiria sailburuak adierazi duenez, “helburua, gaur aurkeztutako deialdiarena bezala, kultura bultzatzea da, eszenatokietara itzuliz, erritmoa berreskuratuz, Euskadin sormena sustatuz eta zuzeneko arteen balorea partekatuz”.