Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak eta Durangoko Udalak aldebiko negoziazio-mahai tekniko bat sortzea erabaki dute, trenaren lurperatzeak liberatutako lurretarako proiektu adostu bat lortzeko. Gainera, negoziazio-mahaiak aurrera egin dezan, Udalak berak eta Eusko Jaurlaritzak bere garaian sinatutako hitzarmenaren aurkako kaltegarritasun-errekurtsoa behin behinean eteteko konpromisoa hartu du Udalak, konfiantzazko giro bat sor dadin.
Negoziazio-mahaiak hainbat ardatz hauek izango ditu, besteak beste, 18 solairuko bost dorreak ez eraikitzea, hasieratik Eusko Jaurlaritza gai hori birformulatzeko prest agertu baita, eta eraikuntza-murrizketa hori konpentsatzea eta/edo udalerriko beste eremu batzuetan birkokatzea, etxebizitza babestuen eraikuntzari lehentasuna emanez. Konpentsazio hori beharrezkoa izango litzateke Eusko Jaurlaritzarentzat, Bizkaiko udalerri honetan trena lurperatzeko egin zen obra ordaintzeko Udalak hartutako konpromisoengatik.
Bi aldeak aurrera egiten ari dira elkarrizketetan, lehenbailehen urbanizazio eta deskontaminazio-lanak hasteko asmoarekin. Garraio Sailak udalari azaldu dio indusketa planaren onarpena jaso berri duela. Plan horretan lurzoruen deskontaminazioa eta eustorma eta igogailu bat geltokiaren sarrera nagusiaren ondoan eraikitzea, hurrengo hilabeteetan lizitaziora ateratzeko.
Bilera Euskal Trenbide Sareak (ETS) Bilbon duen egoitzan egin da, eta Garraio Sailaren ordezkaritza Garraioko sailburuorde Pedro Marcok eta Garraio Azpiegituren zuzendari Loly de Juanek eta ETSko buru Ernesto Martínez de Cabredok osatu dute. Durangoko Udalaren ordezkaritza, berriz, Durangoko alkate Ima Garrastatxuk eta Aritz Bravo eta Jorge Varela zinegotziek osatu dute.