UPV/EHUko ikasleak elikadura osasungarriari eta kontsumo jasangarriari buruzko ikastaro batean ari dira parte hartzen

0

UPV/EHUko berrogeita hamar bat ikasle ari dira parte hartzen “Zure elikadura eta kontsumoa hobetu nahi dituzu?” izeneko ikastaroan. Bertan, teknikari espezializatuek elikadura seguru, jasangarri, osasungarri eta bereziari buruzko prestakuntza emango diete azaroan, hamar saio telematikotan.

Ikastaro hori ELIKA Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioaren eta Junior Empresa OMMA elkartearen arteko lankidetzatik sortutako sentsibilizazio-proiektu baten barruan sartzen da, eta gazteen artean elikadura-ohitura osasungarriak eta kontsumo-ohitura arduratsuak sustatzea du helburu. Hala, aurrera egin da Eusko Jaurlaritzako Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzaren helburuetako batean, zeinetan ELIKA FUNDAZIOA sartzen den. Helburu hori da gizarteari elikadurari buruzko erabakiak hartzen lagunduko dioten tresnak eta egiazko informazioa ematea, ohitura seguru, osasungarri eta jasangarriak sortzeko.

Ikastaroaren aurkezpena urriaren 27an izan zen eta abenduaren 1ean amaituko da. Azken saioan, ikasleek irtenbidea eman beharko diete planteatzen zaizkien erronkei eta txosten bat aurkeztu beharko dute ikastaroa gainditu ahal izateko. Unibertsitateko kreditu baten balioa izango du.

Ikertzaileak, nutrizionistak eta teknikariak

Ikastaroek elikaduraren hainbat alderdi jorratzen dituzte, besteak beste: elikagaien ekoizpena, elikadurarekin lotutako gaixotasunak, menu osasungarrien plangintza, etiketen interpretazioa edo elikagaien bidezko intoxikazioak ekiditeko elikagaien manipulazio higienikoa.Era berean, erakutsiko zaie zein diren tokiko produktuak eta zer-nolako garrantzia duen euskal kultura gastronomikoak. Horrez hain, elikagaien xahuketa saihesteko aholkuak eta jarraibideak ere jasoko dituzte.

Ikastaro honetan, honako hauek partekatuko dituzte beren ezagutza eta esperientziak: euskal ikerketa-zentro eta unibertsitateetako ikertzaileak,
nutrizionistak, eta sektore-elkarteetako ordezkariak eta elikadurak ekoitzi eta banatzen dituzten enpresetako teknikariak. Horiek guztiek azalduko dute zein den Euskadiko nekazaritzako elikagaien sektorearen egoera.

Hirugarren edizioa

Ikastaroaren hirugarren edizioa da, eta urtetik urtera gero eta interes handiagoa pizten du ikasleen artean. Lehenengo edizioan, 2019-2020an, hogei bat ikaslek hartu zuten parte eta bigarrenean, 2020 2021ean, ehun bat ikaslek. Saioen ikuspegi praktikoa da ikastaroaren arrakastaren gakoetako bat; izan ere, parte hartzeko tresnak eta dinamikak erabiltzen dira, eta, ondorioz, ikasleek ariketa praktikoen bidez ikasten dute.

Ikasleen balorazioa bikaina izan da bi edizioetan, eta azpimarratzen dute jasotako informazioa kalitatezkoa dela eta oso interesgarria dela ikastaroa adituek ematea. Ikasleen % 90ek adierazi zuten ikastaroa egin ostean aldatu egin zituztela elikadurari buruzko ikuspegia eta euren elikadura-ohiturak; hau da, ohitura seguruagoak, osasungarriagoak eta jasangarriagoak bereganatu zituztela ekintza txikien bidez, hala nola, elikagaien etiketetan arreta handiagoa jarriz edo tokiko produktuak kontsumituz.