Bakq modu ez-presentzialean lortzeko teknologia biometrikoa erabilgarri egongo da, homologazioa amaitzen denean

0

Euskal administrazioekin kontsultak eta izapideak online egin ahal izateko BakQ identifikatzaile elektronikoa atera nahi duenak ez du ziurtagiria ematen den bulegoetara joan beharrik izango, eta telematikoki egin ahal izango du. EJIEk (Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea) azken azterketak egin ondoren, adimen artifizialean oinarritutako teknologia hori eskuragarri egongo da gaur egun dagoen homologazio-fasea amaitu ondoren.

Biometriari esker, ziurtagiri hori lortu nahi duten pertsonek Internet bidez eskatu eta jaso ahal izango dute. Ordenagailuaren, tabletaren edo mugikorraren kameraren aurrean NANa bi aldeetatik aurkeztu beharko dute. Horretaz gain bizi-proba baten grabazioa helarazi beharko dute, hau da, interesdunaren bideo labur bat, egiaztapen biometrikoak egiteko balio duena. Datu biometrikoek bermatzen dute pertsona hori dela aurkeztutako dokumentuaren titularra.

Herritarrei zerbitzu hori emateko aukeraren berri eman du gaur Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburu Olatz Garamendik, Eusko Legebiltzarreko kontrolerako osoko bilkuran. Bertan eman du Garamendik aukera berritzaile horren berri, euskal herritarrek administrazio digitala erabiltzeari buruz egin dioten galderaren harira.

Gaur egun beharrezkoa da emisio-puntu batera joatea Izenpek emititzen duen BakQ lortzeko. Izan ere, bertan egiten dira identifikazio digitala esleitzeko baliozkotzeak eta izapideak.

BakQ erabiltzailearen NANarekin eta pasahitz batekin bat datorren identifikatzailea da. Legezko balio osoa du, doakoa, erraza eta erabat segurua da. Eusko Jaurlaritzak Internet bidez eskaintzen dituen zerbitzuetara eta Foru Aldundien egoitza elektronikoetara sartzeko aukera ematen du.

Administrazio digitala Osoko bilkuraren aurrean egindako agerraldian, Garamendiri euskal herritarrek administrazio publikoak eskaintzen dituen zerbitzu digitalen erabilerari buruz galdetu diote. Sailburuak nabarmendu duenez, Eusko Jaurlaritzak ahalegin handia egin du administrazio digitala sustatzeko, eta azpimarratu du herritarrek euskadi.eus eta Nire Karpeta edo Osakidetzako Osasun Karpeta bezalako zerbitzuak gehiago erabiltzen dituztela. Zerbitzu horiek aukera ematen dute administrazioekin kontsultak eta izapideak edonondik eta edozein unetan egiteko, modu erraz, arin eta seguruan.

Garamendik azaldu duenez, 2021ean %22 igo dira euskadi.eus atarirako sarbideak iazko aldi berarekin alderatuta; %63 egoitza elektronikorako sarbideak; eta %88 Nire Karpeta zerbitzukoak. “Horrek frogatzen du Euskadi heldutasun-egoera aurreratuan dagoela mundu digital batean bizitzeko”, adierazi du Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak. Era berean, esan du Euskadi Europar Batasuneko batez bestekoaren gainetik dagoela zerbitzu publiko digitalei dagokienez, eta gogorarazi du konektibitatean liderrak diren herrialdeen artean hirugarrena garela, eta horren adibide gisa aipatu du Euskal Autonomia Erkidegoaren %96k banda zabal ultra-azkarrerako sarbidea duela.