Eusko Jaurlaritzak telelana euskal sektore publiko osora zabaltzeko aukera planteatu du

0
PRUEBA

Eusko Jaurlaritzak dekretu-zirriborro bat aurkeztu die gaur Funtzio Publikoko sindikatuei eta honenbestez, lehen aldiz, telelana lan modalitate gisa arautzeko eta definitzeko aukera zabaldu du. Proposamenak euskal sektore publikoko langileentzat Administrazioaren bulegoetatik kanpo zerbitzuak emateko modalitate hori modu orokorrean zabaltzea planteatzen du, betiere aldez aurretik ezarritako irizpide batzuen arabera eta zerbitzuaren beharrek ahalbidetzen duten guztietan. Aukera hori bazegoen jada Euskal Administrazio Orokorraren sektore eremuan.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Negoziazio Mahai Orokorrak gaur arratsaldean Lakuan (Gasteiz) egindako bileran, Eusko Jaurlaritzak Euskal Sektore Publiko osorako telelana arautzeko proposamena aurkeztu die ELA, LAB, CC.OO. eta UGT sindikatuei. Dekretu-proiektuaren xedea modalitate ez-presentzial hori ikuspegi orokor batetik arautzea da, enplegatu publiko guztientzako irizpide komunak ezarriz. Finean, jokaleku bat planteatzen du, ondoren sektore eremu bakoitzaren berezko berezitasunetara egokitzeko aukera ematen duena.

Funtzio Publikoko Sailburuorde Jose Maria Armentiak sindikatuetako ordezkariei helarazi die zirriborroa, eta dekretu berria osatuko luketen elementuei buruzko informazioa eman die, hurrengo bileretan behin betiko dokumentu bat ixteko ekarpen egokiak egin ditzaten.

Bileran, Armentia Sailburuordeak aldi baterakotasuna murrizteko eta enplegu publikoaren kalitatea hobetzeko garatu beharreko jardueren berri ere eman die sindikatuei. Enplegu publikoaren behin-behinekotasun tasari aurre egiteko neurrien inguruan hitz egiteko eskua luzatu die gizarte eragileei. Nolanahi ere, zehaztu du beharrezkoa dela enplegu publikoaren arloko arau esparru berria argitzea, eta hori gai hori arautuko duten oinarrizko eta euskal araudi berriak onartzen direnean gerta daiteke.

Armentia Sailburuordeak EAEko Administrazio Orokorreko, erakunde autonomoetako, eskubide pribatuko erakunde publikoetako eta sektore publikoko partzuergoetako langileentzat aurreikusitako ordainsari-igoeraren berri ere eman du. 2022ko aurrekontu proiektuan jasota dago eta %2ra arteko igoera aurreikusten du.

Era berean, Mahai Orokorraren akordio-proposamena planteatu du, 2022rako lan-kontratuko langile finkoentzako txanda kontratuari lotutako erretiro partzialeko plana onartzen duena. Akordio horrek CC.OO. eta UGT sindikatuen babesa izan zuen iaz, eta urtebeterako luzatzeko aukera planteatu zuen.