Normala izango da Santu Guztien eguna Donostiako hilerrietan aurten, baina zentzuz

0

Osasun egoerak hobera egin du eta nolabaiteko normaltasun bat itzuli zaigu eguneroko bizimodura; eta, beraz, baita hilerrietara ere. Hala, joan den urteko murrizketen ondoren, zentzu komuna beste neurririk ez da izango aurten Santu Guztien Egunerako.

Donostiako hiru hilerriak, Polloekoa, Altzakoa eta Igeldokoa, irekita izango dira, hara joan eta tradizioa bete nahi duten guztientzat. Udaltzaingoak egingo du, urtero bezala, zaintza eta kontrol lana; auto edo jende pilaketa handirik ez izateko.

Hileta-zerbitzuak kudeatzen dituen sailak, berriz, aurten ere iazko portaera eredugarria izateko eskatzen die herritarrei. Hilerrira Santu Guztien eguna baino lehen joatea, adibidez, ez da erabaki txarra aglomerazioak eta, horrekin batera, kutsatzeko arriskurik ez izateko.

Hiri Mantenimenduko zinegotzi Miguel Angel Diez sozialistak adierazi du «egia dela aurtengo egoerak ez duela iazkoaren antzik, baina azkeneko egun hauetan ugaritu egin direla kutsatutako pertsonak. Hala eta guztiz ere, udal hilerriek ez dute muga berezirik izango azaroaren 1ean aurten; baina zentzuz ibiltzeko esaten dugu, lehenago joateko kanposantura eta jende asko ez pilatzeko maite ditugun pertsonen hilobi eta panteoien inguruan. Baldintza txiki horiek betez gero, arazo handirik gabe ospatu ahal izango dugu gure kulturan sustraituta dagoen ohitura hau: maite ditugun pertsonen oroimenari ohore egitea«