Ertzaintzak eta udaltzaingoek furgoien eta furgoneten zaintza eta kontrola indartuko dituzte

0

Gaurtik hasita igandera, azaroaren 7ra bitartean, eta udaltzaingoekin lankidetzan, Ertzaintzak furgoietako eta furgonetetako pisuaren kontrola eta zaintza indartuko ditu, eta kontrol-puntuak jarriko ditu ezbehar-tasa handieneko lekuetan eta merkataritza-zentroen, industrialdeen eta zamalanetako lekuen inguruan.

Ibilgailu horiek auto konbentzional batek baino bi edo hiru aldiz gehiago pisatzen dute, eta horrek eragina du horiek gidatzeko moduan. Hain zuzen ere, horregatik du bakoitzak gehieneko masa baimendua, eta ezin da gainditu. Era berean, zama behar bezala kokatu behar da ibilgailu barruan, frenatzean edo bihurgunea hartzean zuzen erantzun dezan. Alderdi horrek berebiziko garrantzia du istripu bat gertatzen denean ere, bai istripua eragiten duenarentzat bai inplikatutako gainerako ibilgailuetako bidaiarientzat.

Furgonetek eta furgoiek arreta berezia eskatzen dute, horien ezaugarriek eragina baitute hainbat alderdi garrantzitsutan, hala nola ikuspenean, egonkortasunean edo maniobretan” gogoratu du Sonia Díaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak. “Eta ez da ahaztu behar auto batek baino gehiago pisatzen dutela eta horrek eragina duela zamaren banaketan, baimendutako gehieneko masa ez gainditzeko. Zama behar bezala jarrita eramateak berebiziko garrantzia du istripu bat gertatzen denean”, jarraitu du esanez.

Era honetako aurreko kanpaina apirilean egin zen eta Euskadin 453 ibilgailu ikuskatu ziren eta horietatik 24 ibilgetu zituzten. Guztira 114 arau-hauste erregistratu ziren, gehienak zama gehiegi eramateagatik (60) eta dokumentazioarekin zerikusia zuten irregulartasunengatik (30).

Bestalde, azaroaren 11n Ertzaintzak kamioien pisuaren kontrola indartuko du portuen eremuan.

Kontrolak indartzeko kanpaina hori Jaurlaritzak, Euskadiko errepide-sareko bide-segurtasuna hobetzeko helburuarekin, trafikoa zaintzeko eta kontrolatzeko urte osorako programatu dituen 46 kanpainen egutegiaren barruan egingo dira.