Idoia Mendia lehendakariorde eta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailburuaren ustez, Euskadik Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera osorik kudeatzeko akordioa albiste ona da, eta gauzak erraztuko dizkie herritarrei.
Mendiak nabarmendu du akordio horren eragina izango dela jendea ez zorabiatzea leihatila baten eta bestearen artean prestazioak eskatzerakoan, eta, gainera, Lanbiden lan egiten dutenei kudeaketa errazagoa egitea.
Lehendakariordeak gogorarazi du Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sisteman BGD sartzea aurreikusita dagoela laster Legebiltzarrera bidaliko den Legean. Eredu hori, hain zuzen ere, ahulenei estaldura hobea emateko ez ezik, sisteman izapideak modernizatzeko eta arintzeko ere pentsatuta dago, eta horrek integrazio hori ahalbidetzen du.
Mendiak ondorioztatu duenez, hemendik aurrera, Espainiako eta Euskadiko gobernuen artean, baina baita aldundiekin eta udalekin ere, erabateko lankidetza izatea dagokigu, prestazio horretarako eskubidearen bermean eta gizarteratzeko eta laneratzeko eskubidearen bermean koordinatzeko.