Hezkuntza sailak 206,2 milioi euro bideratuko ditu hainbat ikastetxe publikotako jantoki zerbitzurako

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua
PRUEBA

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, 206.267.296,98 euro bideratzea jantokien zerbitzua kontratatzeko. Zehazki, Hezkuntza Sailaren kudeaketa zuzeneko hainbat jantokiren funtzionamendurako prestatutako jakiak egin, garraiatu eta entregatzeko zerbitzua kontratatzera bideratuko da gastu hori.

Gobernu Kontseiluak gaur gastua onartu ondoren, Hezkuntza Sailak jantoki-zerbitzua kontratatzeko lizitazioa abiatuko du.

Kontratazio publikoan ETEek (enpresa txiki eta ertainek) parte-hartze handiagoa izatea sustatzeko, Hezkuntza Sailak hainbat lizitazio prestatu ditu, ematen den zerbitzu motaren arabera (kasu honetan, garraiatutako menuak) eta zerbitzua zein Lurralde Historikotan emango den kontuan hartuta. Horrela, guztira 20 lote aterako dira lehiaketara Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 336 eskola-jantokitan zerbitzua emateko, era honetan banatuta:

  • Araba: Lurralde Historiko honetan, gaur egun, 60 eskola-jantoki daude garraiatutako janaria daukatenak. Zerbitzu hori emateko 3 lote eskainiko dira lehiaketan, 40.864.727,88 euroko balioarekin.
  • Bizkaia: Lurralde Historiko honetan ezaugarri horiek dituzten 166 eskola-jantoki daude. Zerbitzu hau emateko 9 lote eskainiko dira lehiaketan, 102.865.315,72 euroko balioarekin.
  • Gipuzkoa: Gaur egun, ezaugarri horiek dituzten 110 eskola-jantoki daude Gipuzkoan, eta 8 lotetan lizitatuko dira, 62.537.253,39 euroko balioarekin.

Hezkuntza Sailaren kudeaketa zuzeneko jantoki hauetan guztietan garraiatutako janari zerbitzua eskaintzen da, eta 50.000 menu inguru ematen dira eguneko. Kontratu hauen iraupena 30 hilabetekoa izango da (uztaila eta abuztua kontuan hartu gabe), eta luzatzeko aukera izango da.

Zerbitzua esleitzeko irizpideek, indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen kalitate-estandar, kontrol eta elikagaien segurtasun-neurri guztiez gain, ingurumen-jasangarritasuna eta elikadura osasungarria sustatzeko irizpideak ere jasotzen dituzte.

Gaur egun, Hezkuntza Sailaren kudeaketa zuzeneko 515 jantoki daude Euskadin guztira, eta egunero 85.000 menu inguru zerbitzatzen dira horietan, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta DBHko ikasleen artean. Jantoki horiek menu eta dieta mota hauek eskaintzen dituzte: menu basala; arrautza-esneki-barazkien menua; arrautza-esneki-barazki eta arrain menua; txerrikirik gabeko menua; eta nutrizio-premia berezietarako dietak (intolerantziak, alergiak, eta dieta bidezko tratamendu espezifikoa daukaten patologietarako dietak ; espezialistaren txosten mediko ofizialarekin).