Etxetresna elektrikoen laguntza teknikoko zerbitzuak kontratatzean kontu handiz ibiltzea gomendatzen du Kontsumobidek

0

Kontsumobide Kontsumoko Euskal Institutuak zalantzazko etikako merkataritza-praktikak detektatu ditu etxetresna elektrikoen laguntza teknikoko zerbitzuetan. Hori dela eta, horrelako zerbitzuak kontratatzeko orduan kontu handiz ibiltzea gomendatzen du, eta egoki iritzitako argibide guztiak eskatzea.

Profesional eta enpresa batzuek zerbitzu ofizial itxura ematen duten publizitatea egiten dute, zerbitzu ofizial izan gabe. Gutxi badira ere, sektorearen lan ona lausotzen du, eta kontsumitzailea aparteko neurriak hartzera behartzen dute.

Hainbat erreklamazio jaso dira, salatuz laguntza teknikoko pertsona beren etxera bertaratu eta neurriz kanpoko aurrekontua aurkeztu zuela, eta irteera kobratu nahi zuela gainera. Badira ere aurretik zenbateko bat entregatu ondoren hasi eta amaitu ez diren konponketen erreklamazioak, edo etxetresna elektrikoak matxuratuta jarraitzen duela salatzen dutenak, berez konpondu ez delako.

Egoera horren aurrean, Kontsumobidek gomendatzen du:

  • Eskatu beti aurrekontu bat idatziz. 30 eguneko balioa izango du. Etxetresna konpondu gabe geratuz gero, derrigorrezkoa izan daiteke aurrekontua egiteagatik ordaindu behar izatea, baina zenbateko hori mugatuta dago, ez da librea, eta inoiz ezin du gainditu ordu bateko eskulana.
  • Egiaztatu beti zerbitzu ofizialak edo konponketa-zerbitzu fidagarriak direla; horretarako, komeni da galdetzea, konparatzea eta, beharrezkoa bada, markaren webgunean kontsultatzea.
  • Galdetu beti irteeraren prezioa, eta jakin zer gertatzen den konponketa egiten ez bada beste edozein arazorengatik. Irteera ordaindu beharko da?
  • Etxetresna elektrikoa berme-aldian badago, ez da ezer ere ordaindu behar, ezta irteera ere.
  • Ez entregatu inoiz dirurik kontura, ezta aldez aurretik ere. Egin ondoren ordaintzen da konponketa eta hiru hilabeteko bermea du.
  • Eskatu beti faktura xehatua, ordeztu diren piezak eta egindako lanak jasotzen dituena.

Fiskaltzarekin eta Ertzaintzarekin harremanetan dago Kontsumobide, askotan iruzurraren eremuan sartzen diren praktika horiek geldiarazteko.