Hezkuntza Sailak 3.235 milioi euroko aurrekontua aurkeztu du 2022rako, 127 milioi euroko igoerarekin

0

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, sailburuorde taldea lagun zuela, bere sailak 2022rako prestatutako aurrekontua aurkeztu du gaur arratsaldean Eusko Legebiltzarrean. Eusko Jaurlaritzak egindako Aurrekontuen Lege Proiektuak 3.235 milioi euroko partida aurreikusten du Hezkuntza Sailarentzat, hau da, aurreko urtean baino 127 milioi euro gehiago.

Hezkuntza etapa guztietako bikaintasunak eta aukera-berdintasunak Hezkuntza Sailaren funtsezko ardatzak izaten jarraituko dute 2022rako. Eskola inklusibo eta anitzaren aldeko apustuak bultzada sendoa eskatzen du garatu beharreko politiketan. Horrela bada, Hezkuntza Sailak aurkeztutako kontuek 132,3 milioi euro aurreikusten dituzte unibertsitateaz kanpoko etaparako, laguntza-beka eta zerbitzu osagarrietarako, hala nola eskolako garraioa eta jantokia (63,3 milioi beketarako eta 69 milioi jantoki eta garraiorako). Ildo horretan, aniztasunarekiko arreta eta hezkuntza-premia bereziak behar dituzten ikasleei arreta emateko, 44 milioi euro inbertituko ditu Hezkuntza Sailak hezkuntza-laguntzako espezialistak kontratatzeko.

Hezkuntza-sistema osoak behar duen eraldaketa digitalaren aldeko apustua indartzeko, datorren urterako ekitaldi honetan egindako ahaleginarekin jarraituko da. 59,4 milioi euro bideratuko dira, batez ere, ikasleentzako ordenagailuak erostera, ikasleak prestatzera eta ikastetxeetako proiektu berritzaileak bultzatzera.

Datozen hilabeteetan egingo diren eta aurrekontuetan jasotzen diren ekimenen artean, nabarmentzekoa da, konplexutasun handiko ikastetxeei autonomia handiagoa ematea helburu duen programa berri bat. Zehazki, “Eraldatzen” programak 3,1 milioi euroko aurrekontua izango du. Bestalde, jolastokietan inklusioa eta ekitatea sustatzeko, eskola-komunitateek jolastoki inklusiboen proiektuak partaidetzaz diseinatzea sustatuko da. Horretarako, 7 milioi euro bideratuko dira, udalekin lankidetzan.

Hezkuntza-sistema eleaniztunaren aldeko apustua egiten jarraitzea da Eusko Jaurlaritzaren helburua. Egungo aurrekontuek hizkuntza-proiektu berritzaileak diseinatzea bultzatuko dute, irakurzaletasuna sustatzeko eta ahozkotasuna eta ulermena hobetzeko. Halaber, atzerriko hizkuntzan kalitatea hobetzeko proiektuak bultzatuko dira. Ekintza horiek 6,3 milioi euroko partida aurreikusten dute.

Hezkuntzaren kalitatean azpiegiturek ere zeresan handia dutela jakitun, nabarmentzekoa da Hezkuntza Sailak inbertsio publikoaren alde egingo duen apustua, Euskadiren bultzada ekonomiko eta sozialerako erronkaren barruan. 2022rako, 41 milioi euro baino gehiago handituko dira azpiegitura propioetara edo hirugarrenen azpiegituretara bideratutako baliabideak – 165,4 milioi eurora iritsi arte –, hezkuntza-azpiegiturak modernizatzearen aldeko apustu garbia eginez.

Lanbide Heziketari dagokionez, Hezkuntza Sailak ikasleek jasotzen duten prestakuntza hobetzearen aldeko apustuarekin jarraitzen du, eta etengabe ari da egokitzen Euskadiko enpresek behar dituzten beharrizan aldakorretara. Ikasleen kopurua handitzeak eta prestakuntza-prozesuak gero eta konplexuagoak izateak – ETHAZI, Etekin Handiko Zikloak ezartzearekin, adibidez – irakasleen prestakuntza handiagoa eskatzen du digitalizazioari eta prozesu adimendunei dagokienez. Horrela, aurrekontuak 1,6 milioi euroko partida aurreikusten du horretarako, %83ko igoera izan ondoren.

Apustu honen osagarri, ikasleen ikaskuntza praktikoa gauzatzeko beharrezko ekipamenduak indartu eta eguneratzeko etengabeko beharra ageri da. 8,9 milioi euro erabiliko dira horretarako.

Baina prestakuntzak atzerrira ere begiratzen du. Nazioartekotzearen eta mugikortasunaren aldeko apustua – bai irakasleena, bai ikasleena – indartu egingo da 1,1 milioi eurorekin.

Berrikuntzari dagokionez, Lanbide Heziketako ikastetxeak enpresek eskatzen dituzten erronka aldakorretara egokitzeko beharrak beste urte batez izango du isla aurrekontuan. % 6ko hazkundea izan ondoren, ikastetxeek 4,1 milioi euro izango dituzte berrikuntza sustatzeko.

Era berean, ETEei (Enpresa Txiki eta Ertainei) eta mikroETEei laguntzen jarraitzeko erronkarekin –enpresa hauek produktuak zein ekoizpen-prozesuak hobetzeko berrikuntzan egiten duten lanean-,1,4 milioiko partida bat izango da.

Unibertsitateei eta ikerketari dagokienez, Hezkuntza Sailak Euskal Unibertsitate Ekosistemari laguntzen jarraitzearen aldeko apustu sendoari eusten dio, bikaintasuna helburu hartuta. Unibertsitate-koordinaziorako politikak 404 milioi euroko partida izango du, finantzaziorako. Horietatik, 356 milioi Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) funtzionamendua finantzatzera bideratuko dira: ekarpen arrunta eta kapital-eragiketak, kontratu-programak, inbertsioen eta ordainsari-osagarrien urte anitzeko plana, eta ikerketako eta berrikuntzako beste programa batzuk.

Unibertsitateko bekei eta laguntzei dagokienez, Hezkuntza Sailak 44,6 milioi euroko aurrekontua bideratuko du. Horien artean daude nazioarteko mugikortasun-bekak, 2,2 milioi euroko zenbatekoarekin eta % 16ko igoerarekin.

EHUri lotutako azpiegiturei begira jarrita, Hezkuntza Sailaren aurrekontuek irakaskuntza- eta ikerketa-azpiegiturak bultzatzearekin lotutako partidak jasotzen dituzte. Datorren urtean, besteak beste, Medikuntza eta Erizaintza Fakultate berria – Osasun Zientzietako Bikaintasuneko Ikerketa Poloa – eraikitzeko lanak hasiko dira, baita Jose Mari korta ikerketa-zentroaren ondoko eraikina ere. Bi proiektuek, hurrenez hurren, 54,6 milioiko eta 9 milioiko urte anitzeko partidak aurreikusten dituzte, 2025era arte. 2022rako 7,5 milioiko inbertsioa jasotzen da.

Euskadiko Politika Zientifikoak talentua sortzea, erakartzea eta atxikitzea indartuko ditu, baita bikaintasun-programak ere. Helburu horrekin, 69,5 milioi euro bideratuko dira bikaintasuneko ikerketa-politiketarako, orain arteko aurrekonturik handiena, azken urtearen aldean % 6 hazi ondoren.

Aipatutako politika zientifikoak bultzatzeko, Ikerbasquek –Zientziarako Euskal Fundazioak- funtsezko tresna izaten jarraituko du. Aurrekontua 27,3 milioi eurora igoko da.

Azpiegitura zientifikoei dagokienez, partida %16,07 handituko da, 8,5 milioira iritsita, eta ekipamendu zientifikorako 500.000 euro erabiliko dira.